Herriko bi ikastetxe daude Arnasetik bideo sormen lehiaketako finalisten artean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 21a, 09:00
Iazko Arnasetik bideo sormen lehiaketaren lehenengo edizioan Salbatore Mitxelenako ikasleak saritu zituzten DBH 3. eta 4. mailako kategorian, 'Sormen tailerra 2' lanagatik. (Arnasa Gara)

Bihar egingo dute sari banaketa ekitaldia Modelon eta La Salleko eta Salbatore Mitxelenakoak dira irabazteko aukerak dituztenak DBH 3. eta 4. mailako ikasleen kategorian.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta, Arnasetik bideo-sormen lehiaketa egin dute bigarren urtez jarraian eta irabazleak bihar jakinaraziko dituzte Modelon. 18:00etan hasiko da sari banaketa eta hautagaien artean Zarauzko bi talde daude: La Salle ikastetxekoa, bat, eta Salbatore Mitxelena ikastolakoa, bestea.

Nolanahi ere, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleen bideogintza gaitasuna saritzeaz harago, helburu nagusia da bideoak sortzeko ariketak balio diezaiela hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzeko eta arnasguneek euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia balioan jartzeko. Horregatik, lehiaketaren bigarren edizioak "arrakasta handia" izan duela ebatzi dute 112 lan aurkeztu dituztelako, guztira.

Bideo gehienak DBH 1. eta 2. mailako kategorian aurkeztu dituzte; izan ere, erdia baino gehiago izan dira: 63. LH 5. eta 6. mailako ikasleek, berriz, 34 aurkeztu dituzte eta DBH 3. eta 4. mailakoek 15. Horien artean daude, hain justu, Zarauzko bi ikastetxeetako talde finalistek osatu dituztenak. La Salleko ikasleek Arnasgunea deitu dute haien proposamena eta Salbatore Mitxelenakoek Deika.