Sormena garaile Arnasetik sariak banatzeko ekitaldian

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 23a, 14:00

10 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendutako lehiaketaren aurtengo deialdian 112 lan jaso dituzte. Modelo aretoan banatu zituzten sariak, atzo. Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan antolatu da bigarrenez Arnasetik lehiaketa.

Arnasguneetako ikasleek euskaraz sormena lantzea xede, Arnasetik lehiaketa antolatu dute bigarrenez Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Adinaren araberako hiru kategoriatan 112 lan jaso dituzte guztira aurtengoan, eta irabazleek atzo, asteazkena, jaso zituzten sariak, Zarauzko Modelo aretoan. 

Idiazabal, Azkoitia, Ataun eta Doneztebeko gazteak izan ziren sarituak, eta zarauztarrak ere saritu zituzten, ekitaldia Zarautzen antolatu dutelako eta Zarauzko Udala ekitaldiaren sustatzaileetako bat delako. 

Guztiek ere 500 euroko saria eskuratu zuten, eta diru hori Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean erabili ahal izango dute. Hona hemen sarituen zerrenda: 

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

Euskara ikasteko gomendioak, Samaniego ikastetxea (Tolosa-Idiazabal, Gipuzkoa)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian:

Azkoitxiko epaitegia, Azkoitia BHI (Azkoitia, Gipuzkoa)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:

New Yorketik Euskal Herrira, Beasain BHI (Beasain, Gipuzkoa)

Publikoaren sariari dagokionez, 1.000 lagun baino gehiagok eman dute bozka Internetez, eta boto gehien jaso dituen lana hauxe izan da:

Joaldunak, Mendaur BHI (Doneztebe, Nafarroa)

Zarauzko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

Sentitu, pentsatu, egin, La Salle Zarautz.

Zarauzko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian:

Zarauzko kasta, Mitxelena Ikastola.

Zarauzko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:

Xanduli Manduli, La Salle Zarautz.