Hainbat errepide mozketa egingo dituzte biharko Bikote Mistoen Krosa dela eta

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 2a, 14:14
Iazko Bikote Mistoen Kroseo parte hartzaileak Zelai Ondotik pasatzen. (Aritz Mutiozabal)

Korrikalarien segurtasuna bermatze aldera trafikoa etengo dute probak iraun bitartean, honek hartuko dituen bideetan.

Bikote Mistoen Lasterketako 44. edizioa jokatuko dute bihar goizean, eta, ibilbideak herriko hainbat errepide hartzen dituenez, trafikoari itxita egongo da probak iraun bitartean. Zehazki, 10:30etik 12:30era etengo dute zirkulazioa Bizkaia kalean, Urdaneta eta Zelai Ondo artean; Zelai Ondo kalean, Gipuzkoa eta Araba kaleen artean; Araba kalean, Gurmendi eta Frantsesbidea artean; Gipuzkoa kalean; eta Mitxelena kalean.

Ibilbideari erreparatuta, aurten ere bi itzuli eta erdikoa prestatu dute antolatzaileek 7,8 kilometro osatzeko. Itzuli laburrenarekin ekingo diote, eta Kiroldegitik abiatuta, Zelai Ondo kalerantz egingo dute. Handik, trenbide azpiko pasabidea igaroko dute era Gipuzkoa kalera heldutakoan ezkerrera hartuko dute Kale Nagusira eta Musika Plazara joateko. Kioskoan buelta hartuko dute Ipar kalerantz eta Santa Marina eta Herrikobarra kaleak pasatu ondoren, Paxo pasabidea igaroko dute Santa Klara kalera iristeko. Itzuli erdia amaitzeko, ezkerrera hartuko dute Bizkaia kalean.

Lehenengo itzuli luzea, lasterketa abiatutako puntu beretik hasiko dute. Nolanahi ere, Zelai Ondo kaletik berriro pasatakoan, trenbide azpiko pasabidea igaro beharrean, Mitxelena kalerantz egingo dute. Handik, Maria Etxetxiki kalera heldutakoan ezkerrera hartuko dute eta be trenbide azpiko pasabidetik pasako dira Gipuzkoa kalera iristeko. Kalea Nagusia eta Musika Plaza igaroko dituzte berriro eta kioskoan buelta eman ondoren, Ipar kalea, Santa Marina, Herrikobarra kalea, Paxo pasabidea, Santa Klara eta Bizkaia kalea igaroko dituzte azken aldiz abiapuntura iristeko.

Azken itzulia, aurrekoaren berbera izango da, baina Gipuzkoa kalera azken aldiz heldutakoan, korrikalariek ez dute Kale Nagusirantz egingo, baizik eta Gaztainpe kalerantz, Zigordia kalea igarotzeko eta Lege Zaharren Enparantzan egongo den helmugara iristeko. Nolanahi ere, antolatzaileek lotura honetan jarri dute eskuragarri ibilbideko mapa osoa.

Halaber, gogoratu dute lasterketa egunera arte egongo dela izena emateko aukera, baldin eta ordurako plaza guztiak ez diren agortu. Oraindik inskripzioa egin ez duten korrikalariek hemen egin dezakete. Kontuan hartuta, betiere, bikotean egin behar dutela korrika gizon eta emakume banak osatuta.