Udalak 52 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 2a, 10:00
Asteazkeneko plenoan, aurrekontuak bozkatzeko momentuan. (Aritz Mutiozabal)

Aurten baino %5,46 gehiago izango du datorren ekitaldian. Asteazken arratsean eginiko udalbatzarrean eman zioten hasierako onespena, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu kontra agertu zen.

2024ko aurrekontu orokorrei hasierako onespena eman zioten astezkenean Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdietako zinegotziek; oposizioa osatzen duen EH Bildu taldeak kontra bozkatu zuten. Udal aurrekontu bateratua, Zarautz-Lur erakundearen sarrera-gastuak kontuan hartuta, 52.012.660,26 milioikoa izandako da, 2023koarekin alderatuta %5,46 gehiago.

Zarauzko Udaleko Ogasun eta Ekonomia zinegotzi Iker Basurkok "egungo egoera globala ez da oso itxaropentsua" azpimarratuz ekin zion hitzartzeari, Covid19a, Ukrainiako gerra eta Ekialde Hurbileko gatazka aipatuta. Horrek guztiak eragin izan duela ekonomian nabarmendu zuen, eta datozen urteetan ere joera hori izango duela. "Preziok igoera izan dute sektore askotan, eta, ondorioz, udalak indarrean dituen zerbitzuen kontratuek igoera handiak izan dituzte edo izango dituzte". Aurrekontuaren igoerari esker, "herritarren beharrei" erantzungo diete eta, era berean, "Udal Gorbernuak proiektu garrantzitsuak gauzatzen jarraitu ahal izango du, zinegotziaren esanetan.

Udal Gobernuak aipatu egoeri aurre egiteko eta beharrezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko, ordenantza fiskalak eguneratzea erabaki zuen. Hain justu ere, asteazkeneko plenoan eman zioten behin betiko onespena, eta %4ko igoera orokorra izango dute datorren urteko zergek eta tasek. EH Bildu kontrara agertu zen, urrian egin bezala, batik bat gehiegizko igoera dela argudiatuta.

Ordenantzetatik ez ezik, Foru Funtsak ere gora egin du, eta 2023an baino diru kopuru handiago jasoko du Zarauzko Udalak: %6,31 gehiago. "Foru Funtsa gure aurrekontuko sarrera arrunten %54 inguru izango da, eta gure diru sarrera propioak, zerga eta tasetatik eratorriak, berriz, %42", zehaztu zuen Basurkok. Diru sarrerekin jarraituz, datorren urterako 1,3 milioi euroko partida proposatu dute eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga gisa.

Inbertsioetara 12 milioi euro bideratuko ditu Udal Gobernuak, baina Ogasun zinegotziak argi utzi nahi izan zuenez, "kopuru hori hein batean dagoeneko martxan dauden proiektuei dagokie, guztiok ezagutzen ditugunak eta ikus ditzakegunak". Nagusienen artean, Santa Klara komentuaren erosketa, tren geltoki berria eta bere ingurua eta Villa Nurian eraikitzen ari diren Udaltzainetxea aipatu zituen, eta beste inbertsioen atalean, berriz, honakoak: hiru autobus elektriko eta haientzako kargailuak erostea, Vista Alegreko igogailu berria instalatzea, malekoiko baranda berritzea, Santa Klararen egokitzapena, Astiko kantina berria, Orokietako haur parkea berritzea eta argiteria publikoa berria, besteak beste.

Aurreko urteetan bezala mailegu bat txertatu dute aurrekontuan, baina "gerakina eta diru sarreraren bilakaera" kontuan hartuta, "kanpoko finantzaketarik ez dugula beharko aurreikusten dugu". Basurkok zehaztu zuen 2015tik egiten ari diren lanari jarraipena ematen diela 2024ko udal aurrekontuek: "Dudarik gabe, 2027an gure herriaz harro egotera eramango gaituzte

Sozialisten departamentuak

Udal Gobernuko kide eta PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezen hitzetan, 52 milioiko aurrekontu bat ondo zehazteko "makinaria guztia" jarri behar da martxan. Zentzu horretan, "udal langileen prestutasuna aintzat hartu" beharra dagoela nabarmendu zuen, baita ordezkari politikoena ere.

Jarraian, PSE-EEren ardura diren departamentuetatik zer egin asmo dituzten azaldu zituen. Kirol sailak 1,8 milioiko aurrekontua izango du: kirol instalazioen mantenua, kirol elkarteentzako dirulaguntzen igoera, ikastetxeentzako dirulaguntzen igoera (instalazioak erabiltzeko), kirol probak antolatzeko eta inbertsioak (padel pistak, Zelai Ondoko bolatokia, kiroldegiko igerilekuan konponketan, Astin futbolekoen etxetxoa egokitzea).

Berdintasun saileko aurrekontuak %4,5ko igoera izango du, eta partida garrantzitsuena Emakumeen etxearen kudeaketarako bideratuko dute. Bestetik, sexu heziketarekin jarraituko dute ikastetxe guztietan, Berdintasuneko Barne Plan Orokorra egingo dute eta biktima matxistenganako arreta protokolo interinstizionala berritzea, adibidez. Ingurumen departamentutik, berriz, Eraztun Berde Urdina, Arboretum arboladia, lursail naturalen erosketa, zarata mapa eta klima aldaketaren inguruko prozesu herritarra.


Oposizioa haserre

EH Bildu udal taldeak ezezko botoa eman zion aurrekontu proposamenari, eta, gainera, haserre agertu zen Udal Gobernuaren jarrerarekin. Lehenik eta behin, auzoz auzo eginiko  aurrekontuen parte hartze bilerak "beste izaera batekoak" izan zirela leporatu zien Itziar Murua koalizio abertzaleko bozeramaileak: "Hitzartzeak gehiago izan ziren benetako proposamen jasotzeak baino".

Horrrekin batera,  parte hartzea udal barruan ere ez dela egon adierazi zuen Muruak; izan ere, aurrekontu proposamena batzordean bozkatu baino bi egun lehenago jaso zuten, Ogasun eta Ekonomia zinegotziarekin izandako bilera ostean. "Horrek elkarlanerako edo gutxieneko negoziaketarako borondate eza garbi erakutsi zuen", nabarmendu zuen EH Bilduk.

Muruak gogora ekarri zuen udalbatzarrean Ogasun eta Ekonomia zinegotziak adierazi ziela koalizioak proposatutako gauzen %80a aurrekontuetan jaso dituztela. Bozeramaileak, atzitik, kontuak ez zaizkiela ateratzen erantzun zion, baiezkoa jasotako haien proposamenak %22,5 direla zehaztuz; izan ere, "batzuk erdizka txertatu dituzue eta beste zenbat atzera bota dituzue".

"Gure iritziz, zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko balioko luketen proposamenak izan dira gureak: etxebizitzaren eskubidea, efizientzia energetikoa, kirola, herri izaera, mugikortasuna, ekonomia garapena, euskara, bizikidetza, trenbidearen lurperatzea, kultura eta beste hainbat arloetan eragin nahi dugu". Zentzu horretan, adierazgarriak diren eta aurrekontuetan finkatu ez diren zenbait proposamen azpimarratu zituen plenoan.

Halaber, 52 milioko aurrekontu batzuetan "gauza asko" agertzen direla aitortu zuen EH Bilduk: "Kontra bozkatzeak ez du esan nahi partida horien guztien kontra gaudenik, guk egingo genituen aurrekontuak ez direla, gauzak beste era batetara egingo genituzkeela eta gauzak falta direla baizik". 

Udalaren erritmoa

Urtarrilean jada lehenbailehen martxan jartzeagatik aritu direla denboraz estu arrazoitu zuen Basurkok: "Ea datorren urterako egutegi zirriborro bat egiteko aukera dugun". Denbora gehiagorekin ibiltzen saiatuko dira, baina "hala ere, udal honek eskatzen duen erritmoan ari gara lanean".

Aurrekontuei dagokienean, iazkoaren jarraipena dela adierazi zion EH Bilduri, eta ez duela "aparteko zailtasunik". Koalizioaren proposamen gehienak jasota daudela berretsi zuen, eta jasota ez daudenak kontuan dituztela datozen urteetarako.

Parte hartzea beti hobetu daitekeela erantzun zuen PSEE-EEko bozeramaileak, eta "oposizio haserre badago, bada sentitzen dugu". Agintaldi berriko lehen aurrekontuak direla jakitera eman zuen Vazquezek, eta espero dutela datorren urteari begira denbora gehiagorekin aritu ahal izatea.

2024ko Aurrekontu Orokorrak

Udala

Sarrerak: 51.952.660,26 euro

  • Zuzeneko zergak: 9.126.360
  • Zeharkako zergak: 1.302.137, 92
  • Tasak eta bestelako zergak: 6.011.063, 95
  • Transferentzia arruntak: 22.054.974
  • Ondare sarrerak: 488.590
  • Inbertsio errealak besteenganatzeagatik eta hirigintza jardueren ondoriozkoak: 25.000
  • Kapital transferentziak: 1.195.849
  • Finantza aktiboak: 30.000
  • Finantza pasiboak: 11.698.725,39

Gastuak: 51.952.660,26 euro

  • Pertsonal gastuak: 14.206.296,04
  • Gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan: 19.267.917,99
  • Finantza gastuak: 10.000
  • Transferentzia arruntak: 4.716.936,70
  • Kreditu global eta beste ustekabeak: 0
  • Inbertsio errealak: 11.908.955,47
  • Kapital transferentziak: 1.312.554,69
  • Finantza aktiboak: 30.000
  • Finantza pasiboak: 479.997,30


Zarautz-Lur

Sarrerak: 290.000 euro

  • Tasak eta bestelako zergak: 80.000
  • Transferentzia arruntetan: 210.000

    Gastuak: 290.000 euro
  • Pertsonal gastuak: 139.287,25
  • Gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan: 150.712,75


Udal aurrekontu bateratua

Sarrerak: 52.012.660,26 euro

  • Zuzeneko zergak: 9.126.360
  • Zeharkako zergak: 1.302.137,92
  • Tasak eta bestelako zergak: 6.091.063,95
  • Transferentzia arruntak: 22.054.974
  • Ondare sarrerak: 488.590
  • Inbertsio errealak besteenganatzeagatik eta hirigintza jardueren ondoriozkoak: 25.000
  • Kapital transferentziak: 1.195.849
  • Finantza aktiboak: 30.000
  • Finantza pasiboak: 11.698.725,39

Gastuak: 52.012.660,26 euro

  • Pertsonal gastuak: 14.345.583, 29
  • Gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan: 19.418.630,70
  • Finantza gastuak: 10.000
  • Transferentzia arruntak: 4.506.939,70
  • Kreditu global eta beste ustekabeak: 0
  • Inbertsio errealak: 11.908.955,47
  • Kapital transferentziak: 1.312.554,69
  • Finantza aktiboak: 30.000
  • Finantza pasiboak: 479.997,30