Euskarak ere korrika egingo du bihar Bikote Mistoen 44. Lasterketan

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 2a, 17:30
ZKEko ordezkaria Irune Urbieta Euskara zinegotziarekin (eskuinean), eskuetan probako kamisetak dituztela. (Zarauzko Udala)

Lasterketa Euskararen Egunean egingo denez, Zarauzko Udaleko Euskara sailak ordainduko ditu korrikalariei banatuko zaizkien kamisetak. Horiek aurrealdean Hitz egingo al dugu euskaraz? leloa eramango dute, eta atzean, berriz, Euskara, Europako hizkuntza bizi zaharrena.

Abenduak 3 izango ditu bihar, Euskararen Eguna ospatuko da, eta Zarautzen, bihar jokatuko da Bikote Mistoen 44. Lasterketa ere. Hori dela eta, Zarauzko Udaleko Euskara sailak erabaki du bere gain hartzea korrikalariei banatuko zaizkien kamiseten kostua. Kamiseten aurrealdean Hitz egingo al dugu euskaraz? leloa txertatu dute, eta atzealdean, berriz, Euskara, Europako hizkuntza bizi zaharrena leloa.

Udalak jakinarazi duenez, 1.400 kamiseta prestatu dituzte biharko lasterketan parte hartzen dutenen artean banatzeko, eta horiek 4.031,72 euro kostatu dira. "Euskararen Eguna dela aprobetxatuz, Euskara departamentuak gure hizkuntzari ikusgarritasuna eman nahi izan dio eta, aldi berean, herrian hain errotuta dagoen proba hau lagundu", azaldu du Irune Urbieta Euskara zinegotziak.

Iaz bezala, aurten ere bi proba egingo dituzte: helduena aurrena, eta gaztetxoena, ondoren. Proba nagusia Aritzbataldetik abiatuko da 11:00etan, eta 12:00etan hasiko da gaztetxoena.

Herriko kale askotatik igaroko dira korrikalariak bihar, eta horregatik, zirkulazioan hainbat aldaketa egongo direla jakinarazi du udalak.