Erdi Aroan murgilduko da bihartik aurrera Zarauzko herrigunea

Mireia Galarza Bastida 2023ko abe. 4a, 12:30
2019ko Erdi Aroko Azoka. (Artxiboa)

Bihar arratsaldean hasiko da egitaraua, 17:30ean, azokaren irekierarekin. Dena den, irekiera ofiziala asteazken goizean egingo dute. Ohi bezala, askotariko ekintzak izango dira abenduaren 10era bitartean herrigunean.

Urteko azken hilabetea iristearekin batera, bueltan da Zarautzera Erdi Aroko Azoka ere. Gaur hasi dira Alde Zaharrean banderak jartzen, eta bihar arratsaldean hasiko da egitaraua, 17:30ean, azokaren irekierarekin. Dena den, irekiera ofiziala asteazken goizean egingo dute.

Bihar hasi eta igandera bitartean, hilak 10, askotariko ekintzak izango dira herrian, 11:00etan hasi eta 21:00ak inguru arte. Musikak, ohi bezala, pisu asko izango du egitarauan, eta kalean ibiliko dira egun horietan Dakka Nakhil, Barzonia, Pedrito Onewheel eta Treekfolk taldeak. Horretaz gain, bestelako diziplina artistikoez ere gozatu ahal izango dute Zarauzko familiek Eulali ipuin kontalariarekin, Saray Aljalilla dantzariarekin edo kale antzerki eta zirkoekin. Arku tiroa eta borrokalariak ere izango dira, eta horretaz gain, askotariko tailerrak ere eskainiko dituzte txikienentzat: merkataritza tailerra, harri eta mineral taila, zeramika eta spinner tailerra...

Su ikuskizunak ere ez dira faltako azokak irauten duen ia sei egunetan, eta noski, hainbat motatako artisauen postuek ere osatuko dute Erdi Aroko Azoka. Bihar, irekieraren ondoren, Eulali ipuin kontalaria izango da 18:00etan, eta jarraian egingo dituzte harri eta mineralen taila, ohizko ipuinak, eta spinner eta zeramika tailerra. Hemen ikus daiteke egitarau osoa, egunez egun.