Itxaronaldi luzea, gidatzeko proba praktikoa egin ahal izateko

Iraia Oteiza 2024ko ots. 8a, 10:00

Goizez bakarrik ez, arratsaldez ere egingo dituzte otsaileko azterketak, itxaron zerrenda murrizteko. Autoeskolentzat, baina, neurri hori "ez da nahikoa". 

Gidabaimena ateratzeko azterketa praktikora norberak nahi duenean aurkeztea «ezinezko» bilakatu da Gipuzkoan. Are gehiago, behin azterketa teorikoa gaindituta praktikorako prestatzen haste hutsak itxaron zerrenda luzea du. Aztertzaileak falta dira, eta horrek kezka eta ezinegona eragin ditu lurraldean, azterketara aurkezteko itxaronaldia "amaigabea" delako askorentzat.

Arazoa sortu da aztertzaileen erdiek lanera beste lurralderen batera joatea erabaki dutelako. Izan ere, gehienak Espainiako lurralde ezberdinetatik etorriak direnez, azken lehiaketan plaza finkoa atera eta lanera euren jaioterrira itzultzea erabaki dute. "Aztertzaileek soldata bera izaten dute hemen lan egin ala beraien jaioterrian egin; beraz, ez die merezi Gipuzkoan lanean jarraitzeak, eta, ahal izan dutenean, alde egitea erabaki dute", argitu du Sara Sierra Azkoitiko Bizkargi autoeskolako arduradunak. Hori horrela, abenduan eta urtarrilean gidatzeko azterketa praktikoa egiten zuten hamabi aztertzaileetatik sei bakarrik geratzen dira lurraldean. Azterketa egin eta gidabaimena behingoz atera nahi duten asko "etsita" daude, Gipuzkoan azterketa egiteko batez besteko itxaronaldia hiru hilabetekoa baita.

Egoerari irtenbidea eman asmoz, Espainiako Trafiko Zuzendaritza eta Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordetza bildu ziren duela hamabost egun. Otsailerako kontingentzia plan bat jartzea erabaki zuten orduan, hileko arratsaldeetan 521 aparteko azterketa egitea ahalbidetuko duena. Horrez gain, plaza finkorik ez duten aztertzaile ibiltariekin lantaldea indartzeko asmoa dute, betiere urtarrileko lehiaketan plaza lortu duten funtzionario berriak apirilaren amaieran lanean hasten diren arte.

Gipuzkoako autoeskolek, orokorrean, kontingentzia planaren balorazio positiboa egin dute. Bizkargi autoeskolan azaldu dutenez, baina, «ez da nahikoa, gutxiago bada ere, ikasleek oraindik denbora askoan itxaron beharko dutelako azterketa egin aurretik».

"Inoizko zerrenda luzeena"

Bizkargiko arduradunaren arabera, urteak daramatzate itxaron zerrenda luzeekin, baina oraingoa "inoizko zerrenda luzeena" ari da izaten. "Otsailean arratsaldeetan ere azterketak egiteko aukera izango dugu, baina lehen aldean, aztertzaile gutxi izaten jarraitu dugu", argitu du Sierrak. Urte askoan, uda sasoian, goizetan bakarrik hamar aztertzailetik gora izan dituztela adierazi du, eta orain arratsaldeetan azterketak eginda ere, kopuru horretara "nekez" iritsiko dira.

Otsaileko egutegiaren berri eman du hark, eta azaldu du hilaren 12an eta 28an egingo dituztela otsaileko azterketa praktikoak Azpeitian, goizez zein arratsaldez. "Egun horietako azterketak autoeskola bakoitzeko zenbat ikaslek egin ahal izango dituzten jakinarazi digute aztertzaileek. Datorren astelehenerako zortzi ikasleren izenak bidali genituen guk, baina horietatik soilik bik izango dute azterketa egiteko aukera, gainerakoak ez dituztelako onartu. Hilaren 28ko azterketan, berriz, gure autoeskolako hiru ikaslek baino ez dute azterketarako aukera izango. Ikasle gehiago daude azterketarako prestatuta, baina itxaron egin beharko dute. Ez da bidezkoa", salatu du Sierrak. Trafiko zuzendaritzak iragarri duenez, otsailaren 12ko Azpeitiko azterketa praktikoetan zortzi aztertzaile egongo dira, bost goizez eta hiru arratsaldez. Horietako bakoitzak hamabi ikasle ebaluatuko ditu. 

Muga-mugan

Azterketa teorikoa gainditu eta gidabaimena atera arte bi urte igaro daitezke. Epe hori pasatu aurretik, beraz, azterketa praktikoa egin eta gainditu beharra egoten da. Bada, ikasle batzuek teorikoa egin eta gidabaimena atera bitarteko bi urteko epea ia gainditu egin dutela adierazi du Sierrak, azterketak egin ezinda itxaron zerrendan denbora luzean egon direlako horiek. "Egoera ikusita, azterketa egiterako baino, praktikak egiten hasterako jartzen ditugu ikasleak itxaron zerrendan; bestela, azterketa eguna iritsi arte eskola praktikoak jasotzen egon beharko balute, oso garesti aterako litzaieke gidabaimena ateratzea".