ZAEko bi traineru nagusiek parte hartuko dute Oriako jaitsieran

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 10a, 10:00
ZAEren gizonezkoen ontzia joan den asteburuan Sestaon jokatutako proban. (Jose A. Rodriguez)

Emakumezkoen ontziarentzat denboraldi aurreko lehenengo estropada izango da eta 16:41an egingo dio lanari Saikola paretik. Gizonezkoak, berriz, hogei minutu geroago abiatuko dira.

Udako traineru denboraldia prestatzeko proba garrantzitsuenetakoa jokatuko dute gaur Orioko uretan: Oria ibaiaren jaitsiera. 87 ontzik parte hartuko dute bost kategoriatan banatuta, eta Zarauzkoak ez dira faltako; izan ere, Enbatak bere bi traineru nagusiak aurkeztuko ditu.

Proba 15:40ean hasiko da eta Kataluniako Vogadors de Calafell taldekoak izango dira lanari ekiten lehenengoak. Mediterraneo itsasoan erabili ohi dituzten Llagut ontzien kategorian arituko da. Ondoren, jubenil mailako eta gizon-emakumez osatutako traineruen txanda izango da. Lau ontzik hartuko dute parte 15:52an abiatuta eta haien atzetik beteranoek egingo dute 15:56an hasita.

Helduen mailan, berriz, 16:33ean ekingo diote emakumezkoek eta aurreko hiru kategorietako ontziek bezalaxe, 4.000 metro egin beharko dituzte Saikola paretik hasita. Bertan hartuko du parte, hain justu, Enbataren lehen traineruak. 16:41ean abiatuko da, zehazki, eta denboraldi aurreko lehenengo proba izango du.

Gizon seniorren kategoriako traineruek, azkenik, 16:49an ekingo diote lanari Aginagako Mapil paretik, eta, 6.000 metro egin beharko dituzte. Zarauzko ontzia 16:59an abiatuko da, eta, denboraldi aurreko bigarren proba izango du joan den astean Sestaon jokatutakoaren ondoren.