Arrano elkarteak hainbat ekimenekin ospatu nahi du bere 40. urteurrena

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 9a, 13:00
Arrano elkarteko bazkideek, herritarrek,eta urte askoan bertako kide izan diren kideak (Arrano Kabia)

Hegoak astinduz aske gara leloarekin, Arrano Kabia kultur elkarteak urte honetan zehar "gogoratu, ikusarazi eta zabaldu" nahi du 40 urte horietan bizi izandakoa.

Zarauzko Arrano Kabia kultur elkarteak 40 urte beteko ditu aurten, eta urteurren biribila ospatzeko hainbat ekimen antolatuko dituzte urtean zehar. Bihar bertan, esaterako, inauterietako jaiarekin emango diote hasiera egitarauari, eta jarraian, zerrenda luzea etorriko da: mus txapelketa, literatura emanaldia, kontzertuak, jardunaldi politikoak, bazkari eta afari herrikoiak, asteroko pintxo-poteak, kantaldiak, auzolan deialdiak, kale ekimenak eta abar. Aurrez, atzo arratsaldean, familia argazkia atera zuten Arrano elkarteko bazkideek, bertako kultur eskaintzan parte hartzen duten herritarrek, eta urte askoan bertako kide izan diren kideak.

"40 urte hauetan denetik bizi izan dugu Arrano elkartean: pozak eta tristurak, kolpeak eta une hunkigarriak, parrandak eta auzolan orduak, ikuskizun zoragarriak, alor askotariko ekimenak eta harreman ugari sortu eta garatu dira bertan, etxea hainbat belaunaldiren bilgune bihurtuta", adierazi dute Arranoko kideek. Hori guztia "gogoratu, ikusarazi eta zabaldu" nahi dute, "bidelagun guztiekin batera urteurrena ospatu, eta denen artean Arrano elkartea osatzen, hegan jarri dezagun".

Horretarako, bi ekimen abiaraziko dituzte: batetik, norbere ekarpena egin nahi duenak horretarako aukera izango du ideiak eta proposamenak arrano@arrano.eus posta elektronikora bidalita; eta bestetik, 40 urte hauetan Arranon bizitakoak irudien bidez ere jaso nahi dute, eta horretarako argazkiak modu digitalean aipatu posta elektronikora bidali daitezke edota euskarri fisikoan Arrano tabernan laga.

Arrano elkarteak eta tabernak arrano.eus webgunea abiarazi zuten iazko udan, eta webgune horretan ezagutaraziko dituzte 40. urteurrenaren inguruko ekimenak. Baita Arranoren sare sozialetako kontuetan ere.

"Belaunaldi askoren bilgune"

40 urte hauetako historiari ere tarte berezia eman nahi diote elkartekideek urtean zehar, eta izango dira atzera begiratzeko eta egindako bidea gogoratzeko ekimenak ere. Izan ere, "elkartea ez ezik, Arrano taberna ere bada. Zehazki, Zarauzko Herriko Taberna da. Betikoa. Gertukoa. Iragana eta etorkizuna elkartzen asmatu duen topagune garaikidea. Zarauzko alde zaharrean kokatuta dago, Musika Plazan, eta belaunaldi askoren bilgune izan ondoren, gaur egun ere taberna baino askoz gehiago da. Kultur ekitaldiei, ikastaroei, hitzaldiei eta ekimen herrikoiei zabalik dagoen bilgunea da urte osoan, eta beso zabalik hartzen ditu gure kultura, sukaldaritza eta herria ezagutzera datozen bisitariak ere".

Hori horrela, 40. urteurrena noizbait Arranoko kide izan diren, Arrano bizi eta gozatu izan duten, eta gaur egun ere Arrano osatzen duen komunitate zabalarekin osatu nahi dute, haiekin ospakizun honen parte izan nahi duten guztiekin, alegia. "40 urte hauetan ateak zabalik izan ditu herriko ezkertiar eta abertzale guztientzat, eta herri mugimenduetako eragile ugariren bilgunea eta lanerako aterpea izan da urte hauetan guztietan. Azken batean, balore aurrerakoi eta zehatz batzuk zabaltzeko lanean aritu diren eta ari diren guztien habia da Arrano", zehaztu dute