Zortzigarren eta hamargarren sailkatu dira ZAEko ontziak Oriako jaitsieran

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 11a, 10:00
ZAEko emakumezkoen tainerua Oriako jaitsieran, atzetik beste ahinbat ontzi dituela. (Utzitakoa)

Helduen bi kategoria nagusietan aritu dira eta biek ala biek lan txukuna egin dute. Eusko Label eta Euskotren ligetako txapeldunak izan dira azkarrenak Urdaibai eta Arraun Lagunak, alegia.

Udako arraun denboraldiari begira aintzat hartzeko estropada izaten da Oriako jaitsiera, baina aldaketa gutxi iradoki du; izan ere, Urdaibai eta Arraun Lagunak iazko Eusko Label eta Euskotren ligetako txapeldunek irabazi dute helduen bi kategoria nagusietan. Nolanahi ere, Arraun Lagunakek alde txikia atera dio etxeko traineruari: bi segundokoa baino ez. Bermekoek (Bizkaia), berriz, zazpi atera dizkiote bigarren sailkatu den Donostiarrari.

Gizonezkoekin jarraituta, Ondarroak eman du ezustekoa hirugarren sailkatuta Urdaibairengandik hamasei segundora. Eskualdeko traineruei dagokienez, Getaria izan da azkarrena bosgarren denbora onenarekin eta zazpigarren sailkatu da etxeko taldea. Beste bi ontziak, Zarauzkoa eta Zumaikoa, hamargarren eta hamaikagarren sailkatu dira, hurrenez hurren.

Emakumezkoei erreparatuta, atzera berriro, Orioren ondoren, Tolosaldeak egin du hirugarren denbora onena eta Donostiarra laugarrena izan da gaurkoan. Urola Kostako beste ordezkariak, aldiz, zortzigarren eta hamargarren sailkatu dira. Horretan ere ZAE Zarautz Arraun Elkartea Telmo Deunen aurretik.

Gainerako kategorietan, Galiziako Chapela nagusitu da beteranoetan etxeko Badok 13ri bederatzi segundo aterata eta Zumaiako A ontzia hirugarrena izan da. Jubeniletan Pasaiako (Gipuzkoa) San Juan segundo bakarreko aldeagatik nagusitu zaio Orioko traineruari, eta Llagut ontzien kategorian, azkenik, Kataluniako Vogadors de Calafell izan da azkarrena.

Sailkapena ikusgai osorik ikusi nahi izanez gero, lotura honetan dago eskuragarri.