Inkestan galdera berria: Inauterietan nola mozorrotzeko ohitura duzu?

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 12a, 16:00
Herriko kuadrilla bat mozorrotuta, asteburuan. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarauzko Hitzak jakin nahi du bere erabiltzaileek inauteriak nola ospatzen dituzten, hala egiten badute, betiere. Joan den hilean, berriz, Gabonetan petardoak jaurtitzeko ohituraz zer pentsatzen duten galdetu zien hedabideak irakurleei.

Asteburuan herrian izandako mozorro festa atzean geratu bada ere, Zarauzko Hitzak berriro ekarri nahi izan ditu gogora inauteriak; izan ere, hilaren hasieran erabiltzaileei galdetu zien ea baduten mozorrotzeko ohitura. Inkestan oraindik martxan dago eta lotura honetan eman daiteke botoa.

Joan den hileko inkestari erreparatuta, bestalde, Gabonetako pirotekniari buruzkoa izan zen. Horren inguruan zer pentsatzen duten galdetu zien irakurleei hedabideak, azken urteetan kritika asko jaso dituen ohitura baita petardoak botatzearena txakurrengan eragiten duen ezinegonagatik, batez ere. Bada, gehienek adierazi dute debekatuta egon beharko lukeen praktika dela. Zehatzago esateko, inkestan parte hartu duten 199 lagunetatik 124 agertu da pirotekniarekin kritiko. Botoa eman duten irakurleen %62,31, alegia.

Kontrara, Gabonetako ospakizunetan petardoak jaurtitzea ondo iruditzen zaionik ere bada Zarauzko Hitzako irakurleen artean. %10,55, hain zuzen ere. Beste %27,14ak uste du, aldiz, debekatu ez arren, pirotekniaren erabilera mugatu behar luketela, ordutegiaren eta tokiaren arabera, adibidez.

Gabonetako pirotekniari buruzko Zarauzko Hitzaren urtarrileko inkestaren grafikoa. (UKT)