Iñaki Irazuren poesia errezitaldia antolatu dute biharko

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 28a, 10:00
Leire Lopez Ziluaga Susako editorea eta Iñaki Irazu poeta 'Zakur zaunkak' poesia liburuaren aurkezpenean. (@armiarma)

Garoa liburu dendan egingo dute 19:00etan hasita eta Susa argitaletxearen eskutik iaz plazaratutako Zakur zaunkak lanean jasotako olerkiak irakurriko ditu asteasuarrak.

Garoa liburu dendak eta Susa argitaletxeak antolatuta, Iñaki Irazu poeta asteasuarrak errezitaldia eskainiko du bihar. Irazuk berak idatzitako Zakur zaunkak liburuan jasotako poemak errezitatuko ditu, zehazki, eta 19:00etan hasiko da saioa Garoan.

Bilbon bizi den asteasuarra Jabier Muguruza musikariaren hainbat abestiren letragilea da, baina argitalpen gutxi egin ditu orain arte. Zakur zaunkak plazaratu duen bigarren poema liburua da, hain justu, 2018an Erein argitaletxearen eskutik argitaratutako Errukiaren saria lanaren ondoren. Iaz argitaratu zuen bigarren poema liburu hori eta memoria ariketa egin du bertan 1936ko Gerra Zibiletik gaur egungo Euskal Herrira.