Afagi elkarteak antolatutako 'Andre eta Dorine' antzezlana emango dute bihar

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 29a, 13:30
Andre eta Dorine (Kulunka)

Kulunka antzerki taldeak taularatuko du obra Modelo aretoan, 20:00etan hasita, eta gonbidapenak astean zehar banatu dituzte doan.

Enbil-Roteta anai-arrebak jardunaldien barruan, AFAGI Gipuzkoako Alzheimer eta beste dementziak dituzten senide, lagun eta pertsonen elkarteak antolatuta, Kulunka konpainiak Andre eta Dorine antzezlana taularatuko du bihar, 20:00etan, Modelo aretoan. Emanaldia doakoa da, eta egunotan banatu dituzte gonbidapenak aretoko txarteldegian.

Kulunka konpainiak ekoitzitako lehenengo ikuskizuna da honakoa, eta 2010eko urrian ekin zion nazioarteko bideari, Kolonbiako Manizales hiriko Nazioarteko Antzerki Jaialdi entzutetsuan. Harrezkero, 600 bider taularatu dute 30 herrialdetan baino gehiagotan, arrakasta handiz.

Andre eta Dorine adineko bikote bat da, eta euren barre eta negarren errusiar mendia izango du kontagai istorioak, hitzik erabili gabe eta maskaren bitartez, dramatik komediara, bizitzatik heriotzara eta maitasunetik ahanzturara etengabe jauzi eginez.

AFAGIk "oroitzapen maitagarria eta animoak" adierazi nahi die zailtasun kognitiboan bizi direnei, lagunei eta batez ere senide eta zaintzaileei. Era berean, honakoa adierazi nahi izan du: "Egoera horien aurrean, ez gaudela bakarrik".