Bihar itxiko dute izen ematea Emakumezkoen II. Pala Txapelketarako

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 31a, 14:00
Iaz Frontoi Txikin jokatutako Emakumeen Pala Txapelketan parte hartu zuten bi bikote. (Utzitakoa)

Apirilaren 8an, astelehena, ekingo diote lehiari eta antolatzaileek jakinarazi dutenez jada bermatu dute parte hartzaile kopurua iazkoa baino handiagoa izango dela.

Emakumezkoen Pala Txapelketaren bigarren parte hartu nahi duten emakumeek gaur eta bihar izango dute izena emateko azken eguna oraindik egin ez badute; izan ere, Pazko Astelehenean itxiko dute izen emateko epea. Hala, interesdunek 605 70 15 94 edo 663 32 86 11 telefonoetara deitu beharko dute inskripzioa egiteko. 20 euro balio ditu bikoteko eta baldintza gisa jarri dute bikote bakoitzeko kideetako batek, behintzat, zarauztarra izan beharko duela.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, hamabi bikotek eman dute izena orain arte, eta, ondorioz, jada bermatu dute iazkoa baino handiagoa izango dela parte hartzea. Bederatzi bikote aritu ziren lehenengo edizioan.

Halaber, zehaztu dute apirilaren 8an, astelehena ekingo diotela lehiari Urdanetako frontoian eta parte hartzaile kopuruaren araberakoa izango dela eguneko jokatuko dituzten partida kopurua. Astelehenen eta asteazken arratsaldeetan jokatuko dituzte partidak.