Adur Amatriain hirugarren sailkatu da Caparica Surf Fest txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 31a, 10:30
Adur Amatrian 2021 Azore uharteetan jokatutako proba batean. (WSL)

Portugalen jokatu dute Europako QS zirkuituko azken proba eta finalaurrekoetan kanporatu dute surflari zarauztarra oso maila ona eman ondoren.

Adur Amatriain surflari zarauztarrak bikain itxi du Europako QS Qualifying Series zirkuitua. Atzo amaitu zuten Portugalen jokatutako azken probarekin, Caparica Surf Fest txapelketa, eta zarauztarrak meritu handiko hirugarren postua lortu zuen finalerdietaraino iritsi ondoren. Gerora txapelketa irabazi zuen Tiago Carrique frantziarrak kaleratu zuen, eta, hura izan da, gainera, zirkuituko proba guztiak jokatuta, QSak irabazi dituena.

QSetako sailkapen nagusiari lotuta, hain justu, Amatriain bera izan da surflari onena zirkuituko probetan parte hartu duten herriko gizonezkoen artean. Hamaseigarren postuan sailkatu da, zehazki. Keoni Lasa eta Ruben Vitoria, berriz, 33. eta 36. sailkatu dira, hurrenez hurren.

Nadia Erostarbe ere aritu da QSetan, nahiz eta Portugalgo azken proba horretan ez duen parte hartu. Bosgarren sailkatu da zarauztarra eta lehenengo laurei ematen diete txartela Munduko CS Challenger Series zirkuituko proba guztiak jokatzeko. Dena den, Erostarbek joan den urtean zirkuitu horretako lehenengo hamar surflari onenen artean sailkatzea lortu zuenez, bermatuta du parte hartzea aurtengo CSetako proba guztietan