Aitor Frantzesena 'Gallo' izango da aurtengo Mahasti Jauna

Zarauzko hitza 2017ko urt. 13a, 14:06
Aurkezpenean izan dira Getariako Txakolin jatorri izeneko presidente Emilio Ostolaza eta erakundeko idazkari Ruth Mozo, eta Gipuzkoako Fodu Aldundiko diputatu Ainhoa Aizpurua (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Asteartean San Anton eguna izango da, eta txakolin uzta berria aurkeztuko du Getariako Txakolina jatorri izenak. Urtero bezala, gastronomiaren, euskal kulturaren eta txakolinaren alde lan egin duten pertsonak edo eragileak omenduko dituzte, eta aurten Luis Irizar Sukaldaritza Eskola eta surf egokituko munduko txapeldun Aitor Frantzesena 'Gallo' izendatuko dituzte Mahasti Jaun.

Gaur goizean aurkeztu dute Getariako Txakolin eguna Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Bertan izan dira Getariko Txakolina jatorri izeneko presidente Emilio Ostolaza eta erakundeko idazkari Ruth Mozo, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurumen eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpurua ere. Aurkepenean, azaldu dute 2016an 4.255.000 kilo mahats bildu, eta bataz beste 3.800.000 botila txakolin ekoiztu dituztela.

Eguraldiari esker “oso ekoizpen ona” izan dela nabarmendu dute. Izan ere, “uda lehorra egin du, baina produkzioa kaltetu gabe. Udazkena hasieran euri gutxi eta zeru garbiak izan dira”. Baldintza horiei esker mahatsa “ondo eta osasuntsu heldutu” dela azpimarratu dute. Bestalde, bilketa modu tartekatuan egin dutela ere azaldu dute agerraldian, “hilabete iraun zuen mahats bilketa kanpainak”.

Upategiek txakolina egiteko prozesu osoan esku hartzen dute; “hau da, mahasti zaleak dira, mahatsa ekoizten dute, txakolina egin eta ondoren merkaturatu”, zehaztu dute.

Salmenta errekorra

Getariako Txakolin jatorri izeneko arduradunak gustura dira 2016ko salmentekin. Jatorri izena sortu zenetik gehien saldu den urte izan da 2016a, gainera esportazioa %36 handitu da. Ekoizpenaren %10 atzerrian saltzen dute: %67 Ameriketako Estatu Batuetan, %10 Frantzian, %7 Ingalaterran eta %10 Japonian.

33 upategi biltzen ditu Getariako Txakolina jatorri izenak. Horietatik hiru daude Aian, hamabi Getarian, bana Orion eta Beizaman eta zazpi Zarautzen. Beizamako upategiarentzat aurtengoa txakolina egin duen lehen urtea izan dela narbarmendu dute erakundeko arduradunek.

Erlazionatuak