Sagardo Eguna 2017

Hunkituta jaso du omenaldia Luisi Ameztoik Sagardo Egunean

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 21a, 13:55

Luisi Ameztoi oroigarriarekin, omenaldi ekitaldian (Aritz Mutiozabal).

Zurekin ostalari elkarteak eta Turismo Bulegoak antolatutako Sagardo Egunean omendu dute, urte luzez ostalaritzan eginiko lanagatik. Oroigarria jasotzeaz gain, bertsoak abestu dizkiote Motxineko bi lagunek, eta, ondoren, gaurko jaiari irekiera eman diote topa eginez.

Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagaren eta Zurekin elkarteko kide Asier Aldalur eta Igor Azpitarteren eskutik jaso du omenaldia Luisi Ameztoik gaur eguerdian, Musika plazako kioskoan. Ostalaritzan izan duen «ibilbide oparoa ez ezik, bere familia zabalak ostarlaritzan eta merkataritzan duen eraginagatik» aitortu diote, eta Zarauzko toldoa irudikatzen duen oroigarria eman diote.

Hunkituta eta eskertuta agertu da, eta seme-alabei, bilobei eta, batez ere, gurasoei eskaini nahi izan dio aitortza. Era berean, zarauztar izateaz harro dagoela erakutsi du, eta herriko merkatari nahiz ostalaritza maite duela nabarmendu du. Jarraian, Motxianeko bi lagunek bertsoak abestu dizkiote, eta Sagardo Eguna ireki dute topa eginez. Omenaldia biribiltzeko, gainera, Ameztoiren familia kioskora igo da eta elkarrekin argazkia atera dute.

Behin irekiera eginda, Musika plaza pixkanaka-pixkanaka girotzen joan da. Guztira, zortzi sagardogilek hartu dute parte, eta edalontzia erosita, nahi adina edateko aukera izan dute bertaratu direnek. Horrez gain, Baserria Km.0 ekimenaren idi-txuleta pintxoak dastatzeko parada egon da. Urtero bezala, sagardoaren denboraldi berriaren hasierarekin bat egiten du herriak, eta aurtengoa Sagardo Eguna antolatu duten zazpigarren urtea izan da.