Sagardo Eguna 2017

Luisi Ameztoi: «Guztiaren gainetik, arrain saltzailetzat dut neure burua»

Luisi Ameztoi, Barren plazan (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Etzi, Zurekin ostalari elkarteak eta Turismo Bulegoak antolatutako Sagardo Egunean omenaldia jasoko du zarauztarrak. 12:00etatik aurrera izango da, Musika plazan.

Luisi Ameztoi (Zarautz, 1949)  omenduko dute larunbatean, Sagardo Egunean. Ostalaritzan izan duen «ibilbide oparoa ez ezik, bere familia zabalak ostarlaritzan eta merkataritzan duen eraginagatik» aitortu nahi diote lana Zurekin Zarauzko ostalari elkarteko kideek, baina berak argi dauka: bera, beste ezer baino lehen, arrain saltzailea izan da. 

Arraindegian jaio zen, literalki: «Nire amak dendan egin zuen urak». Eta han eman zituen bizitzako lehen urteak. «Oso txikitatik, zortzi-hamar urte nituenetik egin izan dut bertan lana, amak Santa Marina kalean zuen arrain dendan, hain zuzen ere». Ostalaritzarekin lotura ere ordutik du: «Orduan hasi nintzen ostatu eta tabernetara arraina eramatera joaten». Hala ere, bera arrain saltzaile sentitzen da, «plazakoa».

Ostalari izatearena geroko kontua du. Ezkondu ondorengo garaikoa, hain zuzen. «Ezkondu arte arrain saltzaile gisa bizitako denbora askoz ere biziagoa izan da niretzat». Nahiz eta urte gutxiago eman dituen ogibide horretan ostalaritzan baino. «Ni goizeko 04:30ean esnatzen nintzen Pasaiara arrain bila joateko, eta gauerdian amaitzen nuen lana. Udan, bereziki. Ostatuetan jarduten nuen arraina garbitzen-eta. Ez nuen egun libre bat bera ere izaten. Beraz, bizitzako aro hori askoz ere biziagoa izan da niretzat, ostalaritzan emandakoa baino».


40 urtetik gora ostalari

24 urte zituela ezkondu zen Karlos Argiñano sukaldariarekin, eta orduan murgildu zen guztiz ostalaritzan. Hain zuzen ere, une hartan bertan ezkondu zen ostalaritzarekin ere. Argiñano Beasaindik Zarauzko Euromar hotelera etorri zen sukaldaritza ikastera, elkar ezagutu zuten herrian eta 1972an ezkondu ziren.

Real Golf Klubeko jatetxean hasi ziren lanean biak, Argiñano sukaldari lanetan eta Ameztoi zerbitzari bezala. Bertan urte batzuk egin ondoren, salto egin zuten euren jatetxea sortzera.  1979an ireki zuten Karlos Argiñano jatetxea.

40 urtetik gora eman ditu Ameztoik familiako enpresa aurrera eraman eta gidatzen. Beti jardun du senarrarekin lanean, baina bera bera dela dio, senarraren irudiak pisua duen arren:  «Ni zarauztarra naiz, Kirkilla naiz, Joxe Kirkillaren eta Maria Luisa arrain saltzailearen alaba. Ni neu naiz, ez inoren emaztea naizelako».  

Egun erretiratuta dago, baina ez guztiz. Jatetxearen egungo  ardura semeena bada ere, erabakiak hartzerakoan Ameztoi beti dago presente, modu batera ala bestera. Izan ere, lan asko egindakoa da omendua, «asko gustatu» izan baitzaio lan egitea.

Urteetan zehar egindako lana aitortuko diote etzi, eta zehaztu duenez, lehenbiziko omenaldia izango du. Omendua bera izango zela jakinarazi ziotenean «sorpresaz» hartu zuen, baina, aldi berean, «ilusioa» ere egin zion ; izan ere, «aitortza garrantzitsua» da, «herriarengandik jasoko dudana». Hunkitu egingo dela aitortu du: «Badakit negar egingo dudala. Polita izango da, bereziki herrikoa naizelako». 

Erlazionatuak