«Gutxitan lortzen dut ametsetako argazki hori egitea; oso zaila da»

Aritz Mutiozabal 2016ko urr. 14a, 10:00
Luis Epelde argazkilaria (Aritz Mutiozabal).

Orain arte bi erakusketa egin ohi zituen Zarauzko Argazkizale Elkarteak; bata, taldekoa, eta bestea, banakakoa. Aurten biak batean elkartzea erabaki dute, eta Merkatu plazako lehen solairuan jarri dituzte erakusgai, azaroaren 3a bitartean. Batetik, elkarteko kide Luis Epeldek (Azkoitia, 1953) landutako Agorregi proiektu fotografikoa ikus daiteke, eta bestetik, elkarteko 16 argazkilariren askotariko lanak.

Nola sortu da bakarkako erakusketa egiteko aukera?
Duela urtebete pasatxo proposatu zidaten, eta baiezkoa eman nien. Pare bat ideia banituen buruan, eta horietako  bat Agorregiri buruzkoa zen. Paraje horretan asko ibiltzen naiz: Pagoeta, Iturraran... Toki oso politak dira argazkiak ateratzeko. Hori horrela, Agorregiren inguruan egitea erabaki nuen. Urteko aro ezberditan argazkiak ateratzen joan naiz, eta erakusketa egindako lanaren laburpen bat litzateke. Guztira, 34 argazki jarri ditut erakusgai.


Hasieratik garbi izan al duzu jorratu nahi zenuen gaia?
Argazkigintzan hasi nintzenean paisaia lantzen nuen, baina gaur egun paisaiaz gain, natura eta kirola –batik bat, eskubaloia– ere jorratzen ditut. Zalantza neukan erakusketa ontzeko orduan kirol aldetik jo ala paisaia aldetik. Azkenaldian jende askok ezagutzen nau kirol arloan ateratzen ditudan argazkiengatik. Beraz, paisaiari heltzea erabaki nuen, eta, kasu honetan, Agorregirekin, natura ere ukitzen dut. Bestalde, burdinolak nola funtzionatzen duen erakusten dute bertan, eta hiru argazki txertatu ditut horren adierazgarri.


Jendea harritu egingo al da kiroletako argazkirik ikusiko ez duelako?
Paisaiari buruzko erakusketa bat egitearen arrazoietako bat hori izan da. Jendeari harridura sorrazi nahi izan diot, askok eskubaloiko argazkietatik ezagutzen nautelako. Eskubaloia nire zaletasuna izan da txikitatik. Ondoren, nire semeek jokatu dute, eta hor gaude sartuta. Nik eskubaloiko argazkiak ateratzen ditut eta, gainera, gozatu egiten dut. Niretzako izugarria da, baina erakusketa honetarako bestelako zerbait egin nahi izan dut, ezusteko hori eraginez.


Erakusketako eskuorrian diozu zure ametsetako argazkia ateratzen saiatzen zarela, eta askotan kosta egiten zaizula.
Gutxitan lortzen dut ametsetako argazki hori egitea. Oso zaila da, eta ez dakizu noiz topatuko duzun. Gutxien espero duzun momentuan azaltzen da, eta hori noizean behin gertatzen da, une berezi bat sortzen delako toki jakin batean. Faktore horiek guztiek bat egin behar dute aparteko argazki hori ateratzeko. Paisaietan, adibidez, gutxi batzuk dira nik buruan irudikatu bezala atera ditudanak, eta, egia esan, oso bereziak dira.


Eta erakusketa honetan ba al dira horretara iritsi diren argazkirik?
Badaude pare bat ametsetako argazki horietara gerturatzen direnak. Ea jendea konturatzen den erakusketa ikusten duenean!


Gustura geratu al zara osatutako proiektuarekin?
Nire buruarekin oso zorrotza naiz, eta, orduan, erabat gustura geratzea oso zaila egiten zait. Oraingo honetan ere esan dezaket ez naizela guztiz gustura geratu, baina uste dut nire jarrera dela. Nire burua hobetzeko jarrera bat, hain zuzen ere. Zeure buruarekin kritikoa ez baldin bazara, ez duzu sekula hobetuko.


Aurretik ere egin dituzu erakusketak, ezta?
Honakoa bakarka erakusten dudan hirugarren aldia da. Lehena Zarauzko Eskubaloiak eskatuta egin nuen duela pare bat urte, eta bigarrena joan den ekainean egin nuen Euskalduna tabernan, Mintxetako Kroseko irudiekin. Orain, Merkatu plazako goiko solairuan erakutsi ahal izatea zoragarria da. Oso areto zabala da, egile bakar batentzat agian handiegia, baina bestela toki ederra eta lasaia.