Argazkilaritza, maisua omenduz

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urr. 21a, 10:00
Ramon Serras argazkilaria (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Lehenbiziko aldiz Ramon Serrasen omenezko argazki lehiaketa antolatu dute Euskalduna tabernak, Zarauzko Argazkizale Elkarteak eta Turismo Bulegoak.

Nazioartean 100 sari inguru irabazitakoa; Euskal Herrian bakarra den titulua jasoa, nazioarte mailako argazkilari adituarena, hain zuzen; Zarauzko zein askotariko herrialdetako hainbat eta hainbat museotan erakusketak antolatu dituena; argazkilaritzako liburu ugari kaleratutakoa; Zarauzko Argazkizale Elkartearen sortzaileetakoa; Photomuseum argazki eta zinema museoko ordezkaria eta, finean, «Zarautz izena argazkilaritzaren bidez mundura zabaldu» duena. Hori da Ramon Serras. 1978an hasi zen argazkilaritzan «serio»—txikitan ere aitarekin aritzen zen argazkiak egiten—, eta ordutik ez du kamera utzi.  Ezta utziko ere, aurrera begirako hainbat proiektu baititu esku artean.

Zarauzko Argazkizale Elkarteko Luis Epelderen esanetan, «ezin da azaldu» zarauztarraren ibilbidea, «oso zabala» delako.  «Argazkilaritza munduan erreferentea izan da eta da, Zarautzen zein Zarauztik kanpo», dio. «Herriko enbaxadoreetako bat da», gaineratu du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak.

Hori dela eta, herriko argazkizale elkarteak, Euskalduna tabernak—bertan  150 erakusketatik gora antolatutakoa da Serras— eta Zarauzko Turismo Bulegoak haren omenezko argazki lehiaketa antolatu du. «Pozez» hartu du Serrasek aitortza hori, eta Zarautzi egin dion ekarpena saritzeko modua dela nabarmendu du.

Felix Borda Euskalduna tabernako arduradunak jakinarazi duenez, duela urtebete ingurutik jardun dute ideiari forma ematen. Serrasek 150 erakusketatik gora antolatu ditu taberna horretan, eta hori aitortu nahi izan dio. Hori dela eta, espero du luzaroan iraungo duen lehiaketa izango dela.


Itsasoak duen indarra

Zarautzekin duen lotura kontuan izanda, lehenbiziko lehiaketa horretara aurkeztu beharreko lanek itsasoaren indarra islatu beharko dute. «Ezin da ukatu itsasoak Zarautzen duen protagonismoa», dio Larrañagak. «Zentzu horretan, zaleek urtero argazki ederrak ateratzen dituzte. Hori saritzea da lehiaketa honen asmoa».

Hala ere, ez du zertan Zarauzko irudia izan behar; edonongo itsasbazterra izango da protagonista, «edonon izanda ere, ikusgarria delako itsasoak izan dezakeen eragina ingurunean».

Erlazionatuak