Izeta II.ak irabazi du Urrezko Harrijasotzaile Txapelketa

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 2a, 12:15
Izeta II.a 113 kiloko harri kubikoa altxatzen. (Ibon Errazu)

Hilaren 31ean jokatu zuten txapelketa, Asteasun. Izeta IV.a izan da txapeldunordea.

Aita-semeak aurrez aurre aritu ziren urteko azken egunean Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, Urrezko Harrijasotzaile txapelketan. Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a izan zen garailea, guztira 55 jasoaldi eginda. 15 aldiz jaso zuen 150 kiloko koadroa, 18 aldiz 113 kiloko kubikoa eta 22 aldiz 100 kiloko bola.

Semeak, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak hiru altxaldi gutxiago egin zituen, 52 guztira: 13 jasoaldi koadroarekin, 18 kubikoarekin eta 21 bolarekin. Jokin Eizmendik ezin izan zuen parte hartu, lesio bat medio.

Harrijasotze probarekin batera, Urrezko Aizkolari Txapelketa ere jokatu zuten. Aitzol Atutxa II.a izan zen nagusi, Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendiren aurretik.