Aurten ere, hainbat berritasun izango ditu Pagoeta Mendi Lasterketak

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 8a, 15:00
Iazko probako irudi bat. (Aritz Mutiozabal)

Bi ibilbide izango dira: bata, nagusia, 21 kilometrotakoa, eta bestea, mixtoa, 7,5 kilometrotakoa. Apirilaren 30ean jokatuko dute eta dagoeneko eman daiteke izena bi lasterketetan.

Iaz hartu zuen Salbatore Mitxelena ikastolako guraso talde batek Pagoeta Mendi Lasterketa antolatzearen lekukoa, eta aurten ere ardura horri eutsiko diote. Iaz bezala, aurten ere hainbat aldaketa izango ditu probak. Batetik, data bera. Datorren apirilaren 30ean jokatuko dute, aurreko urteetan baino lehenago. Izan ere, maiatza inguruan jokatu ohi zuten proba orain arte.

Bestetik, bi lasterketa aukera izango dira. Ohiko lasterketari, nagusiari, beste bat gehitu diote: mixtoa. 7,5 kilometro izango ditu, eta bikoteka egin beharko da. Lasterketa nagusia ere moldatu egin dute, luzatu. Iaz ere luzeagoa egin zuten,  17 kilometrokoa—aurreko urteetan 15 kilometrokoa izan ohi zen—, zirkularra bihurtuta,  eta aurten, berriz, 21 kilometro korritu beharko dituzte parte-hartzaileek.

Hala ere, oraindik dituzte bi lasterketetako ibilbideen xehetasunak jakinarazi. 10:00etan emango diete hasiera lasterketa nagusiari, eta ordu laurden geroago mixtoari, 10:15ean.

Izen ematea, irekita

Interesa dutenek dagoeneko eman daiteke izena proba mixtoan nahiz nagusian, kirolprobak plataformaren bitartez. 100 parte-hartzaileetara mugatu dute lasterketa mixtoa eta 300 lagunetara nagusia. Txipa izanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira mixtoan parte hartzeko, eta txipa alokatu behar izanez gero, berriz, 17 euro.

Nagusian izena emateko, 20 euro ala 21 euro ordaindu beharko dira, txipa izanda edo txipa alokatu behar izanez gero, hurrenez hurren. Apirilaren 28ra bitartean eman daiteke izena mixtoan eta egun bat lehenagora arte nagusian.

Ohi bezala, 18 urtetik gorakoek hartu dezakete parte. Probaren ondoren, Aritzbataldi kiroldegian dutxatu ahalko dira lasterkariak, eta hamaiketakoa eskainiko zaie parte-hartzaile nahiz ikusle modura gerturatzen direnei. Kirolarien artean hainbat sari banatuko dituzte, eta baita zozketak egin ere.