Modelo zineman: Mi amigo el gigante (Steven Spielberg)

Haurrentzako ere luxuzko zinema asteburu honetan Modelon.

Sarritan, haurrei zuzendutako filmeak gutxietsi egiten ditugu eta
"haurrentzako" dela esatearekin bakarrik, zein pelikula mota den
definitzen ari garela uste dugu. Oker gabiltza ordea. Gainontzeko
genero guztietan bezala, hemen ere pelikula zoragarri, erdipurdiko eta
lotsagarriak aurki ditzakegu.

Oraingo honetan kalitatezko filme baten aurrean gaudela iruditzen
zait. Arrazoia: Steven Spielberg eta Roal Dhal-en oinarri literarioa ( Charly y la fabrica de chocolate,  Matilda...)

Nahi duena egiteko aukera duen goi mailako zuzendari honek, txikienei
zuzendutako filme bat egitea erabakitzea, zoragarria iruditzen zait.
Gero filmea hobeagoa edo okerragoa izan daiteke baina ez dudarik izan
punta puntako teknologiaz, esku onez eginikoa eta magiaz beterikoa
izango dela.

Spielberg-ek beti jakin izan du ikuslearengan emozioak sortarazten. Eskua altxa dezala E.T. rekin hunkitu, Tiburonekin beldurtu, Indiana Jones-ekin gozatu, Parke Jurasico-rekin ahoa zabaldu, I.A. eta Minority Report-ekin txunditu, edo La lista de Schindler edo Salvar al soldado Rayanekin deseroso sentitu ez denak.


Fantasia munduan murgilduz, haurrek zinemaren magia deskubritzeko aukera aparta izan daiteke. Hori bai, adi txikienekin, agian erraldoiekin beldurtu egin daitezke eta...


GOMENDIOAK :

Steven Spielberg: Ehhhhh... Nondik hasiko naiz?... Ohizkoak ez esateagatik, I.A. (inteligencia artificial) -2001- esango dut. Sekulako arrakastarik izan ez bazuen ere, nire ustez, eztabaidarik gabeko MAIXULANA.


Mark Rylance: Datozen urteetan Spielberg-en eskutik arituko den aktore hau El puente de los espias-2015- en bakarrik ikusi ahal izan dut. Oscar-a irabazi zuen arren, ez zitzaidan aparteko interpretazioa iruditu.


BITXIKERIA :

Iaz zendu zen Melissa Mathison (E.T., Kundun) gidoilariaren azken lana da honakoa. Harrison Ford-en emazte ohia.

 

Mi amigo el gigante ikusten baduzu, partekatu iritzia!