Modelo zineman: El editor de libros (Michael Grandage)

"El editor de libros" ikusi dugu!: Fitzgerald, Hemingway eta Thomas Wolfe literatur izarren argitaratzailea izan zen Max Perkins-ek azken honekin izandako erlazioan oinarritutako filmea. Horretarako diseinatutako pelikula dirudien arren, ez da txapela kentzeko modukoa.

Filmeak sorpresa handiegirik ez duen arren, agian ikusi aurretik jakin nahi ez dituzuen hainbat gauza aipatuko ditut ondorengo lerroetan, beraz, ez jarraitu irakurtzen. (Ez, ez dut hain modan dagoen "spoiler" hitza erabiltzeko asmorik...)
 
Berez, oso interesgarriak dira filmeak landu nahi dituen kontzeptuak: Idazlearen disziplina, bakardadea eta arrakastaren pozoina alde batetik eta editorearekin duen borroka jarraia eta honek liburua komertzialago bihurtzeko prozesuan, berezko istorioa hondatzeko duen beldurra, bestetik.
 
Max Perkins-i ez bezala, Michael Grandage zuzendariari horixe gertatu zaiola esango nuke. Printzipioz pantailaratzeko zaila dirudien gai bat ("El señor de los anillos"-engatik ere berdina zioten eta begira...) ikuslegoarentzako jasangarriago egin nahi izateagatik, komertzialagoa egin nahi izateagatik alegia, hainbat akats egin dituela esango nuke:
 
1-Idazlearen pertsonaia topikoetara murriztea. (Iragan gogorra, etengabeko idazkera konpultsiboa, ezerezetik izar izatera, etab.)
 
2-Jude Law-ren gehiegizko interpretazioa. (Sobreactuado = Gainantzeztua??? Jojojo! Kontzeptu batzuk euskaratziak hotzikara emate ziak!)
 
3-Berez lan estatikoa denak (idazteak), pantailan dinamismoa izan dezan erabilitako zoritxarreko trikimailuak. (Idazlea edozein lekutan idazten; paretetan, hozkailu gainean, etab. Idatzi ahala gustoko ez dituen orriak airean botatze hori, idazlearen etxeko egoera kaotikoa, paperak nonahi, etab...) Ez dute zentzurik.
Idazleari liburuko atal batean gertatzen zaion bezala, "floriturak" utzi eta esan nahi duenaren bihotzera joateko beldurra du zuzendariak. "...sus ojos eran azules..." (Motxian! Menos es más.). Lastima!
 
4-Izenburu originalak dioen bezala (Genius), editoreak genio baten aurrean txapela kentzen duela adierazteko bezala, li-te-ral-ki, argitaratzaileak ez du txapela kentzen filme osoan, azken unerarte. Oso fortzatua. (Etxeko mahaian afaltzen, txapela jantzita etab...)
 
 
ONENA: Colin Firth-en interpretazio kontenitua eta filmearen hasiera. Barrua ikutuko zidala zirudien, baina ez. Bale, Nicole Kidman-i paketea diot baino nahiko txukun dago oraingoan.
TXARRENA: Jude Law-k Jim Carrey dirudiela eta izenburuari emandako itzulpen txepela.
BITXIKERIA: Hemingway-ren paperean, Dominic West. "The Wire" telesail paregabeko protagonista.
 
GOMENDIOAK:
 
Colin Firth: Ez dut tipoa gehiegi atsegin baina Love Actually -2003- gustatu zitzaidan.
 
Jude Law: Gora behera handikoa aktorea. Beste behin aipatutako Inteligencia Artificial -2001-filmeaz aparte, hiru pelikuloi: Gattaca -1997- zientzia fikzio elegante eta hunkigarria, Existenz -1999- Errealitatearen zentzua galarazten dizun Cronenberg-en "puntazo" latza! (Zilborrean konektatzen den errealitate birtual kontsola organikoa, oilasko hezurrez egindako pistola, "ai ama, zer da hau" estiloko pelikula alegia.) eta Enemigo a las puertas -2001- Nahiko oharkabean igaro zen filme beliko ona. (Adi Ed Harris-i!)
 
El editor de libros ikusten baduzu, partekatu iritzia!