Modelo zineman: Figuras ocultas (Theodore Melfi)

Figuras ocultas ikusi dugu! 60. Hamarkadan, desberdintasun razial handien artean eta karrera espaziala gori gorian zegoela, NASA -n garrantzizko lanpostuetara iritsi ziren hiru emakume beltzen benetako istorioan oinarritutako filmea. Kontatu beharreko istorioa, baina mila aldiz ikusi dugun gatazka razial, superazio eta emakume indartsuen filmea. Oscar-etarako diseinatutako pelikula estandarra.

Otsailak 26-an ospatuko da Oscar Sarien katxondeoa (bai, bai, gai honek ere badu artikulu batentzat mamia...) eta urtero bezala, hainbat pelikula espreski diseinatu dituzte ahalik eta sari gehien lortzeko.

Iaz beltz (ez, ez dut "koloreko" ipiniko...) izendaturik ez zegoelako sortutako polemikaren ondoren, hara! Aurten mordoa! Kasualitatea?

Horietako bat da oraingoan modelora dakarkigutena.
Aspaldian oso nekatuta nago gatazka razialei buruzko filmeekin. Badakigu kontatu beharreko iragana dela eta zoritxarrez, nahiz eta ezkutuagoa izan, baita oraina ere alor askotan, baina gaia ikuspuntu desberdinetatik erakusteko garaia dela esango nuke.
 
Diodan adibide aspergarritzat 12 años de esclavitud aipatuko nuke, ikuspuntu berritzailetzat berriz Django desencadenado.
Figuras ocultas honek behintzat, testuinguru ezberdin batean eta era sutilagoan kokatzen du gatazka. Horrekin batera gainera, garai hartako Sovietar Batasuna eta E.E.B.B.-en arteko karrera espazialaren atal bat kontatzen du filmak.
Bere alde esan, ohi ez bezala, ez duela arrazakeria drama gehiegi kargatzen, ezta kominitate beltzaren alde erlijiotsua ere. Topikoetatik apur bat aldentzen da.
 
Guzti horrek nahiko interesgarri egiten du pelikula eta interpretazioak txukunak direnez, gustora ikusten da.
 
ONENA :
Ezkontza eskaera, ingeniari poloniarraren speech-a eta Kevin Costner.
 
TXARRENA:
Gidoi berberaz egindako milaka pelikula ikusi izanaren sentsazioa.
 
BITXIKERIAK:
-Octavia Spencer aktoreak Oscar-a lortu zuen, estilo berbereko "Criadas y Señoras"-2011- filmearekin.
 
-"The Big Bang Theory" telesaileko Jim Parsons (Sheldon Cooper) ere agertzen da filmean, erregistro askoko aktorea ez dela frogatuz...(  Sheldon, a tus zapatos...)
 
-"House of Cards" telesaileko Mahershala Ali ere ikus dezakegu. Bere ahotsak txundituta utzi nau bertsio originalean.
 
-Kirsten Dunstek benetan begiratu arraroa dauka ba! Dedio! Beretzat psikopata paper bat mesedez!
 
GOMENDIOAK :
 
-Theodore Melfi: Ez dut bere filmerik ikusi baina honen aurrekoa "St. Vincent" -2014- Waki tv-ko "quiero ver" delako zerrendan daukat, Bill Murray-engatik bakarrik bada ere...
 
-Octavia Spencer: Aipatutako "Criadas y señoras" -2011-. Hara! Ez dut gogoan baina "Como ser John Malkovich" -1999- filmean agertzen omen zen! Hori bai pelikula! (7 terdi garren solairua. Jujuju...)
 
-Kevin Costner: Ez dakit zergatik zehazki baina gogoko dut tipoa. Ohiko "Bailando con lobos" -1990- (Tatanka!!)-z haratago, inoiz aipatu dudan "Los intocables de Elliot Ness" -1987-,  "Un mundo perfecto" -1993-,  "JFK" -1991- edo "Wyatt Earp" -1994-. Sona handirik gabe igaro zen arren, presarik gabe, lasai eta gustora ikusteko 3 orduko western latza!
 
Figuras ocultas ikusten baduzu, partekatu iritzia!
 
Ah! Haurrentzat ¡Canta! Filmea. Txerri potxolo hori abesten ikusteak merezi du sarrera ordaintzea. Bai horixe!