BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko eka. 28a, 08:30

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.

            Denboraren korronteek norabide ezberdinetan eraman zituzten gure lagunak eta 25 urte beranduago, hau da, 40 inguru zituztela, bakoitzaren bizimodua bideratua zegoen jada.

            Xabat, Nautikoko kamarero, mutil zahar bilakatzeko bidean zihoan. Ez bere gogoz; bere pasotismoa eta itxura zarrapastrosoa jasango zuen emakumerik aurkitu ez zuelako baizik.

            Peru, berriz, gaztetatik musikazale bilakatu zen eta lanerako ganora handirik inoiz erakutsi ez zuenez, bere ametsa errealitate bilakatu zen, etengabe lau nota ziztrin errepikatuz, baxujole izan zitekeela deskubritu zuenean (Duum, duuum, dum...). Errepikatzearen errepikatzeaz, lau nota horiek inork ez bezala menperatzen ikasi zuen eta talde desberdinei bere zerbitzuak eskaintzeaz bizi zen; festarik festa, neskarik neska.

            Tomaxek, berriz, ez zuen sekula ahaztu txikitako abentura hura eta inoiz argitu izan ez bazen ere, misterio zale porrokatu bilakatu zen.

            Harrezkero, afizio modura, herrian sortutako misterio ezberdinak argitzeari ekin zion eta denbora gutxian, sona handiko hainbat kasu ebatzi zituen; hala nola Sanz Eneako helduen liburutegiko ipurdi fotokopien misterioa edota ostiral gauetako golfeko piloten desagertzea eta 8. zuloko kaka mokordoaren kasu bikoitza.

            26 urte zituela, eta bere zerbitzuen baliagarritasuna argudiatuz, alkateak udal detektibe izendatu zuen, hartarako funtzionario postu bat espreski sortuta.

            Horrela ba, familia bat osatzeko oinarri sendoak sustraitu eta hitz egiten ari garen garairako, emaztea eta bi alaba zituen.

            Urte hartako Uztaila iristear zegoela, interes handiko kasurik gabe bolada luzea zeraman Tomaxek. Udaltzainetako objektu galduen gainean zebilen lanean, arratsaldean etxera iritsi eta postontzian honako gutuna jaso zuen arte:

 

Errekaren ondoan

begira ezazu

hondoaren hondoan

opari bat duzu

jolas gaitezen biok

zuk zer deritzozu?

Harrapatu nazazu

potrorik baduzu.

                        666