'Ilegorri'

Erabiltzailearen aurpegia
(Irudia: Silvia Morales)

Haurrentzat ipuina oraingoan. Bere garaian, gure alaba zaharrena lokartzeko asmaturikoa. Beste norbaiti horretarakoxe balio badio, moldatu eta erabili dezala.
(Irudia: Silvia Morales)

ILEGORRI
          Urduri zebilen Ane igande hartan. Amatxorekin oheratu zen, ipuin bat irakurriaz lokartu zezan, baina ez zion Anek jaramon gehiegirik egin. Amak alaba arraro zegoela nabaritu zuen baina, hurrengo ostiralean bere urtebetetzea izateak eragindako urduritasuna izango zela pentsatu zuen. Ez zen hura arrazoia ordea. Hurrengo goizean, astelehenero bezala, soinketa saioa zuten eskolan eta edozein izanda ere egin beharreko ariketa, Ane oso baldarra zen eta bazekien ohi bezala, gelakideek barre egingo ziotela. Manta azpian uzkurtuta igaro zuen ipuin kontaketak iraun zuena. Amak amaitu zuenean, kopetan muxu eman eta ardiak zenbatzeko gomendioaz, ohean utzi zuen Ane goxo-goxo.
 

Anek bere irudimena lanean jarri eta amaigabeko belardi perfektua irudikatu zuen, edonora begiratuta ere amaierarik ez zuena. Haizeak dantzarazten zituen luzera berbereko belar printza orlegi distiratsuz betea. Belardiaren erdian, egurrezko hesi zati bakan bat. Ez zen itxitura baten parte, bi zutabe eta hesi zati bat besterik ez. Honen aurrean milaka ardi ilaran, bata bestearen atzean, zintzo-zintzo zain. Ardi guztiak berdin berdinak ziren; ile zuri garbia eta tentel aurpegidunak. Denak? Ez, denak ez. Ilararen bukaeran bazen Anek bezain ile gorria zuen ardi bat. Beste ardiei bultzaka zebilen, ilaran ahalik eta atzeen jarri nahian. Izua zion hesiaren gainetik jauzi egin beharrari eta beti ahalik eta urrunen jartzen saiatzen zen, bere txanda iritxi aurretik haur zenbatzaileak lo hartuko zuen esperantzaz. Bere ile gorri deigarriak ordea ez zion oharkabean pasatzen uzten eta beste ardi guztiek, bultzaka, lehenengo postuetara eramaten zuten beti, gogoz kontra. 

Hasi zen bada Ane, ardiak hesi gainetik saltoka zenbatzen: 

-Bat, bi, hiru,… 

Hamahirugarrenera iristean ordea, ardi ilegorriak dardaraka jauzi, hesiarekin estropezu egin eta Aneren ohera erori zen! 

-AMAAAAAAA!!!- Oihukatu zuen Anek. 

-Zeeer?- Galdetu zion amak, saloiko sofatik altxa gabe. 

-ARDI BAT DAGO NIRE OHEAN!!! 

-Ane! Oso berandu da! Utzi txorakeriak eta egin lo, bihar eskolara goiz joan beharra dago eta! 

Ardi ilegorria et Ane zur eta lur elkarri begira geratu ziren minutu luze batez, begiak zabal zabalik. Harriduraz sorbaldak altxa, elkar gogor besarkatu eta lo hartu zuten. 

Eguna argitzean aitonak esnatu zuen Ane. Aita eta ama oso goiz joaten ziren lanera eta hark eramaten zuen eskolara. 

-Esnatu Ane, eskolara joan behar dugu- esan zion aitonak emeki. 

Ane asaldatuta esnatu zen baina bere burua ohean bakarrik ikusi zuenean, guztia amets bat izan zela pentsatu zuen, bere panpin artean ezkutatuta zegoen ardiak keinu bat egin zion arte.  

Aneri grazia handia egin zion hark eta behin jantzi eta gosaldu ondoren, aitonarekin eskolarantz abiatu zen, aurrez bere lagun berriari –agur Ilegorri…- xuxurlatu ondoren. 

Ilegorrik ordea ez zuen han bakarrik geratzeko asmorik eta aitonak irtetean etxeko atea itxi orduko, Aneren oheko izarak elkar korapilatu, leihotik eskegi, etxepeko jardinean presaka belar mataza bat gosaldu eta biei jarraika joan zen. 

Anek zerbait somatu zuen eta atzera begiratzean, Ilegorri beraien atzetik zetorrela ikusi zuen. Ane ikusita, aitonak ere atzera begiratzen zuenean ordea, farola baten atzean ezkutatuz, norbaiti ordua galdetuz edo telefonoari begira disimulatzen zuen ardi bihurriak. Barre egiten zuen Anek hura ikusita. 

Aitonak eskola atarian utzi zuen Ane bere gelakideekin. Gelara bidean ordea, nahita atzean geratu zen hau, patioko bazter batean ezkutatuta zegoen Ilegorrirengana hurbildu eta eskolako jangelan ezkuta zedin agintzeko. 

Abentura haren erruz ahaztua bazuen ere, iritsi zen soinketarako ordua. Jauzi proba zuten oraingo honetan eta espero bezala, bere txanda iristean, muturrez aurrera erori zen, gelakideen barre algarez inguratuta. 

Haserre bezain lotsatuta, haiengana urbildu eta -…baina nik lagun magiko bat daukat eta zuek ez!!!- aurpegiratu zien mihia ateraz, eta aldagelara ospa egin zuen marmarka. 

-Lagun magikoa??? Ja ja ja ja!!- jarraitu zuten besteek barrez. 

Jolastordua iristean, denak lasterka eta algaraka irten ziren patiora baina dena, aurrez egindako euriaz, bustita aurkitu zuten. Goibel eta aspertuta, Aneren gelakideak hura zirikatzen jarraitu zuten. 

-Beno Ane, eta non da ba zure lagun magiko hori? Ja ja ja ja! 

Korrika batean Anek ardia ekarri zuen jangelatik.  

–Ilegorri du izena eta ametsen mundutik etorritako nire lagun berria da! 

Gelakide guztiek okerka begiratu zioten Aneri, harridura eta inbidia, mespretxu esaldiez ezkutatuz. 

-Eta zertarako beharko genuke ba ardi ilegorri bat? Ja ja ja! 

Anek ezer erantzun aurretik, Ilegorri lasterka jolastokira irten, txirristatik jaitsi eta zabu zein kulunka guztiak erabili zituen, bere artile gorri lodiaz guztiak lehortuz. 

Hura ikustean, denak algaraka jolasari ekin zioten eta pozez txoratzen, jolastordu zoragarria igaro zuten; baita Ane eta Ilegorri berak ere. 

Jolastordua amaitu eta gelara itzuli aurretik, denek Ilegorriri eskerrak eman eta sekretua gordeko zutela zin egin ondoren, jangelan ezkutatu zuten berriz ere. 

Goiza aurrera zihoan eta Ilegorri, jangelan bakarrik, gosetzen hasia zen. Hozkailu, armairu eta kaxoi guztiak miatu eta nahi adina janari jan zuen baina oharkabean, jangelako sukalde guztia hankaz gora utzi zuen. Betekadaren betekadaz, sukaldeko harraskan etzanda ziplo lo geratu zen, ahoa zabalduta, zurrungaka. 

Eskolako sukaldariak iritsi zirenean, nahaste hura ikusi eta erruduna zuzendariarengana eraman zuten. Zuzendariak eskolako haur guztiak patioan bildu eta Ilegorri aurrean jarrita – nork ekarri du ardi bat eskolara?- galdetu zuen. 

Ane eta bere lagunak lurrera begiratu eta ez zuten txintik ere esan. Ane ukabilak estututa, negarrari eutsi ezinik zegoen. 

-Mendia da ardientzat lekua eta ez eskola. Badakizue debekatuta dagoela eskolara animaliak ekartzea.- jarraitu zuen zuzendariak. 

-Baina ez da mendian bizi!!!- Oihukatu zuen Anek negar malkotan. 

-Ez dut protestarik onartuko. Ardiek baserrian egon behar dute eta haurrek eskolan! 

-Baina… 

-Eta kito!- amaitu zuen zuzendariak. 

Bazkalostean, zuzendariak deitutako baserritar batek, Ilegorri bere autoaren atzealdean sartu eta bere baserrira eraman zuen. 

Ane eta bere lagunak oso goibel egon ziren ondorengo egunetan. Ez zuten ez ikasi, ez jan, ez eta jolasteko gogorik. Irakasleek egoeraren larria ikusita, Ilegorri eraman zuten baserrira txangoa antolatu zuten, zuzendariaren baimenaz. 

Ostegunerako antolatu zuten txangoa. Eskolako autobusean, Xuaxola baserrira igo eta bertako bizimodu eta animaliak ikusi ondoren, Ilegorri zegoen hesitutako itxiturara hurbildu ziren. Ilegorri, Ane ikustean, korrika urbildu zen hura besarkatzeko, baina hesiak bananduta, elkarri begira jarri eta ezinaren ezinaz negar egin zuten. 

Eskolara itzultzeko ordua iristean, banan banan, malko artean, Ilegorriz agurtu eta autobusera igo ziren guztiak. Bakoitza bere eserlekuan eseri zen etsita, eta Ane, azken ilarako eserlekuetan zutik ipini zen atzeko leihotik begira, Ilegorri azken unerarte ikusi nahirik. 

Autobusa martxan jarri zenean ordea, Ilegorri oso aztoratuta ikusi zuen Anek. Birritan bere burua hesiaren aurka kolpatzen ikusi zuen gajoa. Hesiaren gainetik jauzi egin nahian zebilen! Aneri kurrixka batek ihes egin zion. Hura entzutean lagun guztiak atzeko leihoan pilatu ziren, begira. Ilegorrik hirugarren saiakeran, lurrean apatxak ongi iltzatu, abiada hartu eta sekulako jauzia egin zuen, hesia erraz gaindituz. Barre eta algarak lehertu ziren autobusaren atzealdean. 

-Zein azkar pasatzen diren haurrak negarretik barrera- esan zion irakasleak txoferrari burua eraginez. 

Han zetorren Ilegorri maldan behera, autobusaren atzetik korrika. 

Hezurretaraino aztoratuta bazeuden ere, Anek egoeraren agintea hartu eta bere lagunei bakoitza bere lekuan eseri eta disimulatzeko eskatu zien, irakaslearen arreta piztu ez zezaten. Hala egin zuten denek, ados. Anek leihotik imintzioka, bere etxepeko jardinean ezkuta zedila ulertarazi zion Ilegorriri, bera ere eseri eta disimulatzen hasi aurretik. 

Eskolara itzulera ezer gertatu ez balitz bezala egin zuten denek baina etxera joateko ordua iristean, patioan bildu eta elkarrekin Aneren etxepera joan ziren lasterka. Han zegoen Ilegorri Aneren zain, jardineko zuhaixka artean ezkutatuta. Anek ez zuen nahi inork inoiz Ilegorri berriz eramaterik eta Ilegorrik, Ane maite zuen arren, ez zuen beldurrez bizi nahi. Gainera, ia astebeteren ondoren, faltan botatzen zituen bere ametsetako belardi eta lagunak. 

Ohean lehen aldiz topatu zirenean bezala, Ane eta Ilegorri gogor besarkatu eta lagunekin etxera bidean adostutako plana martxan jarri zuten. 

Hurrengo egunean bere urtebetetzea zela probestuz, etxean bere lagunekin txokolatada egin eta denek gaua haien etxean pasatzeko baimena eskatu zion Anek bere amari. Halaxe egin zuten.  

Arratsaldean, Ilegorri berriz ere etxepeko sastraka artean ezkutarazi zuten, aurrez prestatutako Nutella sandwich eta Gusanito poltsa baten laguntzaz eta beraiek askariari ekin zioten, minutu oro erlojuari begiratuz, urduri. 

Lotarako ordua iristean, Aneren gelakide bakoitzak bere lo zakua lurrean ipini zuen, denen artean borobil bat osatuz, eta behin Aneren amatxok amets politak izan zitzatela opatu, argia itzali eta gelako atea itxi ondoren, “Ilegorri Etxera" plan sekretua martxan jarri zuten. 

Ilegorriren gomendioa jarraituz, berriz ere oheko izarak elkar korapilatu, leihotik zintzilikatu eta adostutako seinalea egin zuen Anek: 

-Kuku! Kuku! 

Kukuaren hotsa etzun orduko, Ilegorri ezkutalekutik irten, lasterka izaretan gora igo eta ninja bat bezain arin eta isil, gelan sartu zen denen zorionerako.  

Arnasa baretu zitzaionean, lo zakuez osatutako zirkuluaren erdian etzan zuten Ilegorri eta denek kopetean musu bana eman ondoren, Anek zeharo hunkituta agurtu zuen. 

-Zoaz etxera Ilegorri, ez zaitut inoiz ahaztuko.- Eta bien ile gorriak nahastu zituen besarkada luze baten ondoren, guztiak lotaratu ziren, atzekoz aurrera, ardiak hesi gainetik saltoka zenbatuz. 

-20, 19, 18... 

Hamahirugarrenera iristean, Ilegorri hesi gainetik hegan ikusi zuten denek, baserrian egin berri zuen bezala, adoretsu eta pozik. Ez zuen berriz estropezurik egin.

 

Irudi hura buruan zutela, loak hartu zituen denak. 

 

Lasai oheratu zen Ane igande hartan. Amatxok kontatutako ipuina arretaz entzun eta elkarri muxu potolo bat eman ondoren, gustora agurtu zuen hura. Astelehenean soinketa zuen berriz ere, eta baldarra izateari utzi ez bazion ere, lasai zegoen, gelakideak lagun bait zituen jada. 

Hurrengo goizeko soinketa saioan bere txanda iritsi zenean, Ilegorri oroimenean zuela, adorez eta indar guztiz egin zuen jauzi Anek, baina erortzean, sekulako zaplada hartu zuen koltxonetaren aurka. 

Barre algarez bete zen beste behin gimnasioa. Gelakide eta Ane beraren barre algarez.