Nire Martin

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko ira. 18a, 14:50

Goiz euritsu batek askorako eman dezakeelako, hona hemen beste istoriotxo bat.

NIRE MARTIN

Inoiz atxilotu duten gizon adeitsuena zen nire Martin.

Ezagutu ginenean, emakume baten desio guztiak betetzen dituen horietakoa zela azkar igarri nion. Argia, alaia, hiztuna eta egunero irribarrea eragiten dizun horietakoa gainera.

Han zegoen beti nire Martin, baita egun goibelak nituenean ere.

Barre egiten zioten kuadrillakoek. “Kalzonazos” esaten zioten, bikotearen menpe bizi zela leporatuta.

Etsipenez jasaten zituen iseka haiek, baina ez zuen momentu bakar batez ere bere jarrera aldatzerik pentsatu.

 

Inoiz epaitu duten gizon adeitsuena zen nire Martin.

Ezkongai ginenean, nire etorkizuneko plan guztiei baietz esaten zien ilusioz.

Egun arruntetan opariak egiten zizkidan eta berarekin sexua harrigarria zen. Eskuzabala eta nire behar eta desioei adi, une oro.

Behar nuen guztia eskuan izateaz arduratzen zen, atsedenik gabe.

Han zegoen beti nire Martin, baita tampaxak erostera bidaltzen nuenean ere.

Barre egiten zioten kuadrillakoek. “Kalzonazos” esaten zioten, bikotearen menpe bizi zela leporatuta.

Etsipenez jasaten zituen iseka haiek, baina ez zuen momentu bakar batez ere bere jarrera aldatzerik pentsatu.

 

Inoiz gartzelaratu duten gizon adeitsuena zen nire Martin.

Ezkondu ginenean, ezkontzako xehetasun txikiena ere nire gustura antolatu zuen.

Ondoren, nik aukeratutako etxea erosi, nire gustura dekoratu eta aurrerago izatea espero genituen haurrak eramateko moduko auto handia ere erosi zuen. Urtero urtero gainera, neuk aukeratutako bidaia handi bat ere egiten genuen.

Han zegoen beti nire Martin, baita guzti hura ordaintzeko ordu extrak egin behar zituenean ere.

Barre egiten zioten kuadrillakoek. “Kalzonazos” esaten zioten, bikotearen menpe bizi zela leporatuta.

Etsipenez jasaten zituen iseka haiek, baina ez zuen momentu bakar batez ere bere jarrera aldatzerik pentsatu.

 

Inoiz exekutatu duten gizon adeitsuena zen nire Martin.

Haurdun gelditu nintzenean, are eta adeitsuago bilakatu zen.

Bere lanorduez gain, etxearen mantenuaz, erosketetaz eta jatorduak prestatzeaz arduratzen zen. Gauero nire hanka astunak arintzeko masajeak ematen zizkidan eta nire sabelari –ondo lo egin…- xuxurlatu ondoren, elkar besarkatuta lokartzen ginen.

Nire emozio gora-beherak jasan eta zetozkidan gutizia guztiak betetzeko gai zen nire senarra. Aste oso batez brokolia eskabetxe mejilloiekin nahastuta jateko gogoa sartu zitzaidanean bezala.

Han zegoen beti nire Martin, baita giza haragia otu zitzaidanean ere.

Ez zioten barre gehiagorik egin kuadrillakoek. Bat gutxiago ziren orain.

Martinek ez zuen zalantza zirkinik ere izan, bazuen non aukeratua.

Etsipenez jasan zuen zigorra, baina ez zuen momentu bakar batez ere bere jarrera aldatzerik pentsatu.