Gutuna: Esker oneko hitzak Jose Luis Albizu 'Golindo' mikologoari

Erabiltzailearen aurpegia

Jose Luis Albizu Golindo mikologoaren heriotza dela eta, Arkamurka Natura Taldeak ondorengo gutuna idatzi du. 

"Jose Luis Albizu, Golindo, hil zaigu. Ohikoa da loreak botatzea hil denaren omenetan. Gureak ezin zuen bestela izan. Idatzi honetan gogoan dugun Golindoren argazkia egitea dugu helburu, Arkamurka Elkartetik ateratakoa.

Izadi Taldearen sortzaileetakoa izan zen (gero izena aldatu eta Arkamurka Natura-Elkartea bihurtu zena) duela 52 urte. Vista Alegreko garaje batean bilerak egiten hasi eta apurka-apurka mikologian zaletzen, ikasten joan zen hango eta hemengoekin harremanduz mikologia arloan punta-puntako aditu izatera iritsi arte. Bere lanbideak ez zuen ikusirik zaletasun hauekin, Zarauzko Lizundia tela-fabrikan egin baitzuen lan. Bizipen hark ere ekarri zuen sokarik bestelako eremuetan, Golindoren eskuzabaltasuna agerian gelditu baitzen, beste behin ere, Gaztetxe bihurtu zen lantegi haren azpiegiturak gazteei erakusterakoan. 

Gure taldera bueltatuz, Izadi eta Arkamurkaren historian beste lagun handi bat izan zuen bidekide, Manuel Beloki. Biak izan ziren elkarte hauen gidari urteetan  eta urteetan. Bien arteko harreman sendoa dela eta, une triste hauetan besarkadarik estuena eta sentituena bidali nahi diogu Manueli.

Lortu zuen ezagutza ez zuen berarentzat gorde, astero zabalik zituen ateak perretxikozaleei ale jangarriak eta ez-jangarriak bereizten erakusteko. Zenbat herritar ez ote da pasa bere aholkuak jasotzera!

Astero-astero hamarkadatan joan zen Donostiako Aranzadi Zientzia-Elkarteko mikologia saileko bileretara, lanetik atera ondoren. Horrela janzten da pertsona, saiatuta. Han izan zuen harremana Euskal Herriko mikologo guztiekin eta baita Frantziako beste mikologia-taldekoekin ere. Famatuak ziren denen artean egiten zituzten ibilaldi mikologikoak. Aranzadin bere lagunik handiena Xabier Laskibar (2019an zendua) mikologo handia izan zuen. Xabier gehienetan, baina Jose Luis ere bai batzuetan, Donostiako Ospitaletik deituak izaten ziren perretxikoz intoxikatutakoak artatu eta antidotoak ezartzera.

Arkamurka Elkartea Aranzadi baino apalagoa bazen ere, denen gainetik maite zuen gurea. Gureari eskaini zion ardurarik handiena. Ez zuen huts egiten asteroko bazkide-bilkuretara, egoitzako paretan zegoen bere argazkiari ez ziola bueltarik eman nahi gogorarazten zigun beti. Arkamurkako hitzaldi, ekitaldi, erakusketa eta abar guztietan beti han izaten zen, entzuten (eserleku finkoa zuen gure aretoan), antolatzen eta laguntzen.

Buru-belarri, bera eta ingurukoak mugitzen zituen urteroko perretxiko-erakusketa antolatzeko: perretxikoak bildu, sailkatu, mahaietan ipini, zaindu, bisitariei erakutsi, … Pandemiaren giroan ere, bere beldur eta guzti, ez zen iazko urriko erakusketara bisita egin gabe geratu.

Ez zuen bere ezagutza berarentzat gorde, gorago esan bezala, herritarren artean banatu zuen etengabe. Azken urteetako lan handi bat ere utzi digu Josepo Teresekin batera egindakoa: Urola Kosta Bailarako Perretxikoak liburu mardula. Liburu hau egitean hilabete asko pasaz, akitu arte jardun zuen, berak zioen bezala, bere bizitzako aldirik nekagarriena biziz. Ikustekoa da liburua, bertako argazki eta testu bikainekin. Zaletua aditu bihurtuta, ikertzaileek egindakoen inbidiarik gabeko lana, guztion gozagarri. 

Ez zuen mikologia bakarrik landu, sasoi batean tximeletekin ere izugarrizko lana egin zuen, bilduma bikaina osatuz. Tximeletak eta euren krisalidak nola jaso erakutsi zigun, haienganako miresmena sortuz. Hasten zen hartan sakontzearen aldekoa zen.

Azken urteotan bestelako lanetan ikusi dugu lanean, fin, Jose Luis: genealogia eta historia izan ditu ikergai. Abizenetatik eta jaiotetxeetatik abiatuta, hango eta hemengo kontu zaharrak, galdutako istorioak eta ahaztutako izenak berreskuratu ditu. Berak aurkitu zuen Oñatiko artxibategian Zarauzko artelatzari buruzko agiririk zaharrena ere.

Bere familiaren erroetaraino joanda, ez zen horretan gelditu. Zeregin horretan ikasitakoak ere ingurukoekin partekatu nahi izan zituen eta berari esker, hainbatek bere arbasoen nondik-norakoak ezagutu dituzte. Ikasitakoa erakusten, beti, Golindo

Badakigu bere zaletasunarekiko ardura berarekin eta handiagorekin zaindu zituela bere familiarekiko loturak. Familiartekoari gure doluminik sakonena adierazi nahi genioke. Bestalde, ordea, badakigu, bere zaletasunean familiartekoak izan zituela euskarri eta laguntzaile. Horregatik, gure eskerrik beroena familiakoei Arkamurka Elkartearen partetik, eta herritarren partetik ere bai, noski.

Izkina askoko hutsunea utzi digu Jose Luisek; ustekabean utzi gaitu. Lanak izango ditugu hutsune hori betetzen, bidea berak hainbat urtetan ezin hobeto erakutsi digun arren. Beti gogoan."