Zia eta boga maniobrak. Eman ziaboga!

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko abu. 1a, 10:11

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du bosgarrena.

Zia eta boga. Ontzia baliza baten inguruan biratzean datzan maniobra bat da; ontziaren ibilbidearen noranzkoa aldatzeko egiten dena. Patroiaren arraunkaden laguntzaz, ababorreko arraunlariek zia egiten dute eta istriborrekoek boga. Traineruetan aurrekoak arraun motza sartzen du uretan, indar eginez eta mugimenduari lagunduz.

Asteburuan ikustera ohituta gauden ziaboga azkar, motel, estu eta zabalez gain, bestetarikoak ere ikusi ditugu. Arraun txikia apurtu eta honen laguntzarik gabe emandakoak, ordezko arraunarekin egindakoa, estriborretik emandakoa eta aurrekalaria uretara eroritakoa ere bai. Azkenaldian aniztasuna denon hitzetan dabilkigun honetan, ezin kexa. Epaileen banderen errepertorioan ere kolore batzuk azaldu zaizkigu, txuria, urdina eta horia. Eskerrak oraindik berdea eta gorria gordeta dituzten.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi launbatean Getxoko estropadan izan nuen sentipena. Gizonekoen estropadak zur eta lur utzi gintuen, txandak aurrera joan ahala denborak hobetzen zihoazen eta geroz eta gehiago goraipatzen genituen tripulazioak iristen ari ziren heinean. Baina hara non, mutilen azken txanda sekulakoa iruditu zitzaigun zortzi segundoko tartea ateraz eta beste txandetako erregistroak atzean utziz.

Baina eman diezaiogun ziaboga honi. Zer pasa zen emakumezkoetan? Lehen txandako aldeak oso handiak izan arren bigarrenean erraz gainditu zituzten (mutilen kasuan bezalaxe) eta sekulako abantailarekin irabazi zuten Orioko neskek. Eta hau ez zitzaigun hain goraipagarri egin. Jar gaitezen pentsatzen. Mutilen azken txanda ikusi eta zortzi segundo asko iruditu zitzaigun bitartean, emakumezkoan hamahiru segundoak normalizatuta barneratu genituen. Eta ez. Gizonezkoen txandak emakumezkoena itzalpean jarri zuenaren sentsazioarekin amaitu nuen larunbateko irratsaioa.