KoopFabrika, ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekonomia soziala sustatzeko programaren bigarren edizioa hasiko da urtarrilaren 17an

Erabiltzailearen aurpegia Lakari Kooperatiba 2017ko abe. 13a, 12:22
KoopFabrikako 2018 edizioari laster emango zaio hasiera. Proiektu ekonomiko eta komunitario eraldatzaile bat martxan jarri eta alternatibak eraikitzeko aukera eskainiko da.

KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programa da. 2018ko izen-ematea irekita dago eta Gipuzkoa osoko proiektuek dute izena emateko aukera. 2018an lau eskualdetan eskainiko dira lan-espazioak: Debagoienan, Beterri-Buruntzan, lehen aldiz Bidasoa-Txingudin eta Oarsoaldean.

Ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak, tokian tokiko sareen garrantzia abiapuntu hartuta.

Horretarako, hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:

  • Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.
  • Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak.
  • Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenak.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie garapen eta saretzerako.

Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Datozen asteetan parte-hartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da. Horregatik dei egin nahi zaie proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei formazio eta saretzerako tresna izan nahi duen KoopFabrikan izen ematera koopfabrika.eus webgunean.

Proiektua LANKI Ikertegia eta Olatukoop Interkokoperazioa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da. Eta eskualde bakoitzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako egitasmo honek tokiko Garapen Agentzien eta tokiko beste eragile batzuen babesa ere izango du. Beterri-Buruntzan, zehazki, Olatukoop sareko kooperatibek dinamizatuko dute nodoa, Beterri-Buruntzako udalekin batera.

Twitter, Facebook eta Instagramen ere proiektuaren egunerokoaren berri izateko aukera izango dute interesatuek. Gaiaz luze eta sakonago aritzeko jarri harremanetan ondorengo bideak erabiliz:

Leire Udabe · Tel. 943 133 694

komunikazioa@koopfabrika.eus

beterri-buruntza@koopfabrika.eus