Larunbatean, kit cat bat Kataluniari babesa adierazteko

Erabiltzailearen aurpegia Zarahitz 2017ko ots. 1a, 18:56

Larunbat goizean hainbat ekimen antolatu ditu Zarahitz herri ekimenak Iñurritza auzoan. Tartean, Kataluniari elkartasuna adierazteko argazkia ateratzeko deialdia egin dute, 12:30ean, demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde.

Datorren astean, epaitu egingo dituzte Artur Mas eta Kataluniako Generalitateko kide ohiak, 2014ko azaroaren 9an herritarrei hitza emateagatik eta hautetsontziak jartzeagatik. Herritarrei hitza ematea oinarrizko ariketa demokratikoa dela iritzita, Zarahitzek zarauztarrei dei egiten die larunbat honetan hamar minutuko kit cat bat egitera eta Kataluniari elkartasuna erakustera.

Igandean, Gure Esku Dago herri ekimenak deialdi bera egin du, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako hiriburuetan. Deialdi horiekin bat egitera ere gonbidatzen ditugu zarauztarrak.

Larunbat honetan, zehazki, Iñurritza auzoan hainbat ekimen izango dira Zarahitzek antolatuta. Batetik, maiatzaren 7an Zarautzen egingo den herri galdeketaren alde sinatzeko aukera izango da Iñurritzan bertan, goiz osoan zehar. Gainera, 10:00etatik 12:30era, Ikastolan, txokolate beroa doan banatuko da, haurrek eskola kirola eta gero indarrak berreskura ditzaten, edota gurasoek goiza apur bat gozatu dezaten.

12:30ean izango da ekimen nagusia, Iñurritzako Bertsolarien Plazan: Kataluniari elkartasuna adierazteko argazkia ateratzea da asmoa. Beraz, erabakitzeko eskubidearen aldeko ikurrak, bozkak irudikatzeko gutun zuriak, edota Kataluniako banderak eramatea proposatzen dugu, argazkia koloretsua bezain ederra izan dadin.

Beraz, larunbat honetan, egin kit cat bat Zarautzen, Kataluniari elkartasuna adierazteko.
Igandean, berriz, Donostian dugu hitzordua, Gure Esku Dago ekimenak deituta, 12:00etan, Bulebarrean.