Etorkizuneko lanaz hitzaldia eskainiko du Ibon Zugastik

Lanaren, enpleguaren eta ekonomiaren izaera aldatuz doa eta datozen 35 urteetan horrela jarraituko duela espero da. Inteligentzia artifizialak etorkizunean ekarriko dituen berrikuntzek, robotikak, biologia intetikoak, dronek, 3D inprimaketak edo nanoteknologiak zeresan handia izango dute eraldaketa honetan. Aldi berean, jakitunek ohartarazten digute 2050 urterako munduak langabezia ikaragarria pairatu dezakeela. Hau izan zen Millenium nazioarteko pentsamendu sareak 2016an argitaratutako ikerketak agerian jarritako ondorioa.

Millenium Proiektua, 1996. urtean sortutako pentsamendu-talde bat da. Talde honek etorkizunari buruzko hausnarketa du hizpide.

Korporazio, unibertsitate, zenbait GKE, Nazio Batuen zenbait agentzia eta gobernutako adituak biltzen ditu mundu osoko 60 nodo baino gehiagoren bidez. Honen helburua epe luzera erronka eta estrategia garrantzitsuak identifikatzea da, prospektiba ikasketak, tailerrak eta jardunaldiak prestatuz.

 

1987an Zarautzen sortua

 
Prospektiker, Gipuzkoako Prospektiba Aholkularitza taldea, 1987an sortu zen Zarautzen. Mundu mailako Millenium sarearen nodo espainiarra eta aipatutako txostenaren editorea da. Egungo zuzendaria, Ibon Zugasti, gurekin izango da lan hau aurkezteko. Txostena prestatzeko 50 herrialdetako 300 adituk baino gehiagok parte hartu zuten. 2050 urteari begira 50 estrategia proposatzen ditu zailtasunak gainditzeko eta datozen eraldaketa sakonekin lotutako aukerak aprobetxatzeko. Ondorioen artean, azpimarratzekoa da batetik hezkuntza sistema, sistema ekonomiko eta politikoek aldaketa sakonak jasan beharko dituztela eta bestetik lan kontzeptu bera ere aztertu beharko dela.

Txostena egin duten adituek, besteak beste, lan merkatuari jarraipena egin beharko zaiola azpimarratzen dute, bereziki teknologiari eta datozen joerei erreparatuz. Honekin batera gardentasuna, ebaluazioa eta komunikazioa sustatzearen beharra ikusten dute, baita sare bitarteko koordinazioa eta zeharkako enpleguaren koordinazioa, industria eta hezkuntza integratzea, ekintzailetzat eta autoenplegua izateko baldintzak eta baliabideen hobekuntza, etab. Ikerketak ere adierazten du datozen hamarkadetan iraultza digitalak norantz joko duen ez dakigula aldaketak arrapaladan baitatoz, baina baita informazioa eta ezagutza kudeatzeko izango dugun aukera ia mugagabea izango dela ere.
 

Hitzaldia

Ibon Zugastik eskainiko duen hitzaldia bihar, urriak 23, izango da. 19:30ean hasiko da, ohi bezala, Antoniano aretoan.

Bertaratu ezin duenak streaming bidez ikusi ahalko du, zuzenean, lotura honetan.