ZKE Futbol Eskolaren Festa

Erabiltzailearen aurpegia ZKE Futbola 2019ko mai. 24a, 21:45

Igande honetan ZKE Futbol Eskolaren FESTA ospatuko da Astin. Goizetik hasita, guztira 49 talde eta 500 neska-mutil baino gehiago elkartuko dira.

Igande honetan Zarautz Kirol Elkarteko FUTBOL ESKOLAREN FESTA antolatuko dugu.
 
Izenak berak dioen bezala, ez da txapelketa bat, festa bat baizik. Ez dago markagailurik, emaitzarik, irabazlerik ezta galtzailerik ere. Aldiz, kiroltasuna eta laguntasuna dira nagusi, eta protagonista bakarrak, gure txikiak. 
 
Aurtengoa 5.edizioa izango da eta goizeko 09:00etatik hasita arratsaldeko 15:45ak arte, guztira 49 talde elkartuko dira Astin, hau da, 500 neska-mutil baino gehiago!
 
Astira jendetza hurbilduko dela aurreikusten dugu, eta eman daitezkeen APARKALEKU-ARAZOAK saihestearren edo behintzat minimizatzearren, zarauztarrak Astira oinez edota bizikletaz etortzera animatzen ditugu (eguraldiak laguntzen badu, behintzat). Bestalde, autoz etortzekoak direnei, etortzekoak diren beste batzuekin partekatu dezaketela ere gogorarazten diegu.

Igandea iristeko irrikitan gaude. Ea eguraldiak laguntzen gaituen eta dena ondo irteten den!

Amaierara arte, "saiatu, ikasi eta gozatu!".

AUPA ZARAUTZ!
123 ZARAUTZ!