Herritarrak hirigintzan galduta

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2021ko urt. 28a, 10:21

Herrigintza ez da hirigintza. Bietan aritu eta aditu direnek ez ezik, edozein herritarrek bereizten ditu: herrigintza, batez ere, eragile sozialetatik egiten den jarduera dela esan daiteke; hirigintza, aldiz, administraziotik.

Hasiera zelebre honekin zertara iritsi nahi dudan galdetzen hasita egongo zara, agian, eta argituko dut zure zalantza, irakurle: herrigintzan herriak parte hartzen du, hirigintzan ez; edo hobe esanda, oso modu anekdotiko eta hutsalean parte hartzen du (legez araututa baitago errealitatean eraginkortasuna kentzen zaion herritarren parte hartzea).

Hirigintzarako oinarrizko tresna udalerri guztietan ezinbestean onartu behar den Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra (HAPO) da. Bertan jasotzen da edozein udalerrik hainbat urtetarako (epea ez dago zehaztuta, baina hamar urteko irudikapenarekin egiten da ariketa) izango duen garapena. Alegia, udalerria etorkizun hurbilean nolakoa izatea nahi den (dugun?) irudikatu eta horretarako beharko diren azpiegiturak eta, oro har, baldintzak zehaztu eta jasotzen dira txosten horretan. Horrela esanda, eta hainbatek onetsita, ariketa teknikoa dirudi. Baina, ez dut irudikatzen hau baino ariketa politikoagorik. Démos (δῆμος)-aren, herriaren, nahia eta ikuskera jaso eta gauzatzea baita helburua, eta noski, emana zaigun antolaketa politikoan herriak izan beharko luke ariketa hau egiteko ahalmena –kratía (-κρατία), indarra. Ezin ba irudikatu, demokraziaren azterketa esanguratsuagorik.

Urola Kostako hainbat herritan HAPOak berritzen hasiak dira, eta horixe da artikulu hau idazteko aitzakia. Azpeitian, Zestoan, Zumaian… herritarrak deituak izaten ari dira edo izango dira herri bakoitzari dagokion HAPOa berritzeko bileretara. Dagoeneko, eta kanpo-enpresen laguntzaz, prestatuak izango dituzte udaletan HAPO horiek egituratzeko irizpide (ardatz, helburu …) nagusiak, eta orain herritarrak deituko dituzte kontrasteak jasotzeko (ariketa zaila, pandemia garai honetan). Bilera horietan dagoeneko egosiak dauden planteamenduak aurkeztuko zaizkie herritarrei. Udalean ordezkatuta dauden alderdi politikoek aurrez adostutako ikuspegiarekiko kontrastea jasoko da bilera horietatik, udaletik datorren planteamendutik haratago ezer ez balego bezala. Bilera horietan ez da garapen-ereduaren atzean dagoen ideologiaren gaineko eztabaidarik mantentzeko aukerarik izango, ez eta egun herri horiek duten antolamenduak nolako ideologiari erantzuten dion aztertzekoa ere. Esaterako, trantsizio sozio-ekologikoa ezingo da irudikatu, are gutxiago deshazkundea. Lurzoruaren arrazoizko okupazio arduratsua ez da inondik ageriko paper horietan, garapenak egungo udalen interesetarako lurzoruaren etengabeko okupazioa eskatzen baitu, garapena, euren hitzetan. Bi eratako eztabaidak izaten dira bilera horietan: orokorregiak, alegia, eremu jakinetan irudikatu ezin direnak, eta beraz, plangintzarako mugarik jartzen ez dutenak; edo zehatzegiak, erabakita dagoen proiektu baten bueltan txikikeriatan aritzea eskatzen dutenak. Bilera horiek burutuko dira eta udalek esango du parte hartze irekia izan dela HAPOaren onarpen prozesuan. Baina, antzerkia da, demokraziaren figurazio hutsa. Datozen urteetan hainbat plan egingo dira HAPO horien izenean, eta herritarren zerrenda luzea hurbilduko da udaletxeetara han eta hemen egingo dituzten proiektuez galdezka, usaindu ere ez dituztelako egiten udalen asmoak.

Hamaika adibide jar daitezke. Esaterako, pasa den azaroan Sprilurrek eta Azpeitiko Udalak hitzarmena adostu zutela irakur daiteke udalaren werbgunean. Besteak beste, zera dio: «Azpeitiko Udalak eta Sprilurrek Larringo industrialdeko azalera eta lurra egokitzeko beharra aztertu dute, inguruko ekonomia indartuko duen enpresa-sustapeneko industria-eremua gauzatzeko». Azpeitiko hirigunean hainbesteko eremua okupatzen duen industrialdea aktibitaterik gabe dagoenean, zergatik okupatu landa-lurra industrialdeak handitzeko edota berriak egiteko? Etxegintza bada aitzakia, nolatan eraiki da Loiolara bidean dagoen eremu hori guztia hiriko industrialdea bere horretan utzita? Erantzuna erraza da: baserritar eta lur-jabe txikiekin adostasunetara iristea (edo iritsaraztea …) askoz errazagoa delako promotore, eraikuntzaenpresa edota enpresaburuekin borrokan aritzea baino.

Horretarako pentsatuta dago administraziotik hiri antolamendurako ezarri den lege-amarauna. Legedi horren guztiaren terminologia teknikoak, idazkera traketsak eta edukien konplexutasunak herritarrak guztiz ahultzen gaitu. Eraikuntza-enpresak, eraikuntza arloko gainerako eragileak eta higiezinen agentziak dira horretan guztian irabazle, HAPO horien eragile izateraino, sarritan. Enpresa horien alimaleko indarrari aurre egiteko politika behar da, eta horrek gai honetan ondo prestatuko ordezkari politikoak eskatzen ditu.

Dena ez da, ordea, politikarien ardura. Herritarrok ere ezagutu beharko genituzke prozesu horiek. Jakin beharko genuke zeintzuk diren administrazio bakoitzak arlo horietan dituen eskumenak, baita gure kezkak eta zalantzak nola bideratu ere. Administrazioak ez digu errazten bidea, baina prest al gaude ardura horiek hartzeko?