Iritzia

Gipuzkoako lurraldearen %61,5 ez dira basoak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2023ko api. 20a, 11:30

Aitziber Sarobek Urola Kostako HITZAren Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen dela dioen esaldia faxismoak aurreko mendean izan zuen propaganda arduradun nagusienari egozten zaio. Ministro izatera iritsitako Joseph Goebbels politikari naziaren jarduna eta jokabidea luze eta zabal ikertua izan da, inork baino hobeto erakutsi baitzuen propagandak daukan indarra iritzi eta ideologien eraikuntzan eta hedapenean. Beste perla hau ere berea omen da: «Propaganda etengabe errepikatu behar diren ideia gutxi batzuetan oinarritu behar da; ikuspegi ezberdinetatik behin eta berriro errepikatu behar dira ideiak, kontzeptu bera adierazteko. Duda-muda eta zalantzarik gabe».

Basogintza kontuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondo berea egin duen irakaspena da hau. Urteak daramatza basoari buruzko kontzeptualizazioa saihesten; baso politikei buruzko iritzi orokorra argitzen eta eztabaida publikoa esanguratsuagoa egiten lagunduko lukeen hiztegia nahasten. 

Natur kontserbazioa helburu dugun elkarte eta gizarte eragileetatik hamaika aldiz eskatu dugu anabasa hau argitzea. Oso erraza baita: zuhaiztiez hitz egin dezakegu zuhaitzez edo/eta zuhaixkez jantzitako lur eremuez ari garenean. Zuhaitz eta zuhaixka horiek berezkoak edo naturalak diren sistemak osatzen dituztenean, basoak direla esango dugu. Aldiz, zuhaitz eta zuhaixka horiek gizakiak landatutakoak badira, zuhaitz landaketez arituko gara. 

Zorionez, gure mendietako soro eta larreek, zuhaitz landaketek bezala, bere horretan bakean utziz gero, basotzeko joera dute. Horregatik ikusten ditugu haritz eta pago ederrak, garai batean pinudi edo gaztainadiak izandako lekuetan. Naturak ez baitu gure beharrik ordena eta banaketa agintzeko gero eta sistema konplexuagoen bila. Denbora kontua da.

Hiztegia argituko bagenu, erraza litzateke ulertzea dirulaguntza publikoekin zer lehenesten den: basoak, alegia, natura eta biodibertsitatea edo egurra ekoizteko zuhaitz landaketak. Baso landaketez hitz egitea kontraesana dela ulertuko genuke, argi genukeelako basoak berezkoak direla eta ez direla landatzen. Baso naturalez ere ez genuke hitz egingo, elur zuriaz edo odol gorriaz hitz egitearen parekoa litzatekeelako: erredundantzia hutsa. 

Basoen aldeko babesa aldarrikatzean, argi geldituko da ekosistema naturalen alde egiten dugula. Kontrara, zuhaitz landaketen aldeko politikekin egurra eta bestelako etekinak lehenesten direla ulertuko dugu. Zuhaitz landaketak egiten direla basoen berreskurapen prozesua azkartzeko? Bai, basoak ez baitira goizetik gauera sortzen. Kasu horretan, biodibertsitatearen aldeko landaketak dira, berezko zuhaitz eta zuhaixken landaketa ez intentsibo eta mekanizatu gabeak edo mekanizazio maila txikikoak. 

Ez da zaila hau guztia argitzea. Egia da Gipuzkoan aspaldi moztu zirela basoak eta mendeak daramatzagula txaradi, txilardi eta gizakiak landatutako zuhaiztiei baso deitzen. Baina, horrek ez luke zaildu behar hitzen erabilera zuzena. Kontrara, ahalegin berezia egin behar genuke esaten dena eta esan nahi dena zehazteko. 
Gipuzkoako aldundia, ordea, tematuta dago nahasmenarekin, eta horretarako, bozgorailu ezin hobea aurkitu du: Euskadi Irratia. Hilabeteak daramatzagu, egunero, Gipuzkoako lurraldearen % 61,5 basoak direla entzuten. Gipuzkoan ez baitago apenas basorik, baso orbain txiki batzuk baino ez ditugu, denak egoera ekologiko oso kaxkarrean. Eta, hala ere, edo agian horregatik, propaganda estrategia bortitzaren jomugan gaude: dela basoen eguna ospatzeko, CO2 isuriez hitz egiteko edo egurgintza sustatzeko sortutako BSTK fundazioaren berri emateko, nahasmena eragitea helburu duten mezu faltsua entzuten dugu etengabe bertako hedabide publikoan. Noren mesedetan?

Galdera horren erantzunean dago Euskadi Irratiko iragarki gogaikarriaren arrazoia. Zenbaitek pentsa lezake administrazio horrek azken urteotan erakutsi duen prozesu naturalen eta basabizitzaren kontrako jokabide patologikoaren oinarrian ezagutza falta dagoela. Baina ez bedi inor engaina: natur ingurunea eta biodibertsitatea muturreraino ustiatzeko grinak itsututako administratzaileen jarduna baino ez da haiena; kasu honetan, egurgintzaren industriarena. Propaganda gogaikarri eta garestienarekin ere ezin da ezkutatu. 

Monolaborantzan oinarritutako zuhaitz landaketen kudeaketa intentsiboan dago pinudien eta eukalipto landaketen krisiak eragindako kaletar zein lur-jabeen harriduraren eta haserrearen jatorria. Inoiz baino ozenago, herritarrek eta tokiko administrazioek aldundiari basoak berreskuratzeko egiten dioten eskaeraren aurrean, aldundiaren erantzuna da: Gipuzkoako lurraldearen % 61,5 basoak dira. 

Euskadi Irratian argi daukate. Kanpora begiratzeko leihorik ez dutelako?