Soreasun mobila hartu zuen emakumeari oda

Erabiltzailearen aurpegia Amancay Gaztanaga 2015ko aza. 9a, 17:35

Antzeztoki ilun bat. Eszenaren eskuin aldean bi aktore. Behartsuaren bizitzari buruzko bakarrizketa bat da. Testua iluna bezain ederra. Valle-Inclanen hitzak dituzte ahoan. Ez da testu erraza... Adi gaude denbora behar baita hitz horiek entzun, barneratu eta barrua nola beteko dizuten hausnartzeko.

Isiltasun horretan mobil baten hotsa. Suabetik fuertera doan tonu horietako bat du mobilak. Aktoreak, emakumezkoa, bakarrizketan murgildurik jarraitzen du. Ahots tinkoz, telefono mugikorraren tonuarekin borrokan, Valle-Inclanen hitzei eusten die. Tonua da ordea nire belarriek entzun dezaketen gauza bakarra. Tonua... Mobilaren tonu horrek jan dit burua eta kontzentrazioa. Hortan dago nire gorputz osoa.

Isildu egin da. Arnasa hartzen dut, badakit zein hauskorra den aktorearen kontzentrazioa eta are gehiago aktore izateko ikasten ari direnena. Antzezlanaren zuzendaria naiz. Saiatu kontzentratzen Amancay... Ez dakit istorioa non geratu den, berriz nire atentzioa testuan jarri dut.

Bat-batean, emakume baten ahotsa:

«Bai, bai, hemen natxion, bai, antzerkiyen».

Ondoko ahots batek:

«Tsssssss»

Aktoreak (eszena jarraitzen duen bitartean):

«Hemen zatozten Musa eta Disa oaine norbait zuloa sartzeko prest».

Mobila duen emakumezkoa: «Bai, jungo naun afaltzea».

Ondoko beste ahots batek haserre: «Mesedez, tssssss».

Eszenan bi pertsonaia berri sartu dira. Argi aldaketa dator Amancay, adi!

Mobila duen emakumea:

«Utzi ingoñat eh, antzerkiyan natxion da. Gero eongo gattun. Bai, gero arte bai».

Isiltasuna. Antzezlanak jarraitu egiten du.

Barren-barrenean badakit Valle-Inclanen kontua izan dela guzti hau. Dagoen infernu txikitik esperpentua zer denaren adibide garbia bidali digula konpainia osoari, eta Soreasun Azpeitiko Antzerki Topaketaz gozatzen ari den publikoari.

Min txiki bat sortzen zait barruan. Ez nigatik, niri gaur bestaldean egotea tokatu baitzait. Nire lankideengatik baizik.

Aktore bezala oholtza baten gainean nagoenean, eta baita musikari bezala ere, baino gaur nire barruan dudan aktoreak hitz egingo du, eszena aurrean jarri eta publikoari begiratzen diodanean... Batzuetan gorrotoa sentitzen dudala aitortu behar dut. Ez beti, baino batzuetan bai.

Gorrotoa sentitzen dut, nire aktore lanak zuretzat ez duelako ezer balio, ikusle. Gaur zer botako dutenaren zain zaudelako eserita. Berdin zaizulako edo ez dakizulako ikusten ari zaren horren atzetik zenbat lan dagoen. Zenbat ordu. Zenbat buruhauste. Zenbat beldur. Zenbat ilusio. Zenbat min. Zenbat poz.

Aktorearena ez delako lana zuretzat. Aktorearena hobbya delako. Aktorearena denbora pasa bat delako. Zure denbora pasa.

Ikusle, batzuetan zuri begiratu eta gorroto zaitut. Pasiboa zarelako. Niri dena exijitzen didazulako, zuk ezer eman gabe.

Tadeusz Kantorren hitz batzuekin amaitu nahi dut nire gaurko oda. Aktore garenontzat. Errekonozimendu/ez-errekonozimendu horretan bizi garenontzat. Guretzat. Eta zuk, mobila hartu zenuen emakumea, egin iezaguzu fabore bat eta mobila itzali. Eta itzali behar ez baduzu, etxean geratu.

Aktorea.

Biluzik dagoen gizakiaren erretratua, iristen zaion guztiari irekita, silueta elastikoa.

Aktorea.

Exhibizionista, gure malkoen simulagailua, zure gorpua estimulante guztiei irekia, sorpresa guztiei irekia. Dignitateari eta ospeari uko egin behar izaten diozu batzuetan, burla eta desprezioa erakarriz, zaborra edo eternitatea izatetik hain gertu bizi zara. Gizartean normala eta normatiboa den orok baztertzen zaituena.

Aktorea.

Bakarrik bizitzen, imajinaturiko mundu horretan, nahigabe kroniko batek jota, benetan esistitzen denaren aurrean kontentagaitza. Benetakoak, fikziotik kanpo dagoenak nostalgia iraunkor batetara eramaten zaitu, bizitza nomada batetara bultzatzen zaitu.

Aktorea.

Betiereko alderrai zabiltza.

Munduan ez duzu tokirik. Portu baten bila zabiltza zure jabetza denak gainean dituzula. Zure itxaropenak, zure nahiak, zure ilusioak. Zure altxorra da fikzionatzeko gaitasuna, altxorra eta aingura aldi berean. Fikzionatzeko gaitasun hori gordetzen duzu, zaintzen, bukaera arte, guztiaren gainetik mundu indiferente honen intolerantziaren kontra.