Euskaraldia

(D) Eredurik eza

Erabiltzailearen aurpegia Aner Peritz 2018ko aza. 23a, 07:39

Amets Artzallus: "Euskaraldiak benetako balioa izango du baldin eta hamabigarren egunean ezer aldatuko bada. Bestela, euskararen aldeko politika bat baino kosmetika bat gehiago izango da."

Gaur hasi da Euskaraldia. Hamaika egun iraungo duen ariketa soziala. Hamaika literalki, zoritxarrez. Dena dela, gustatzen zait zenbaki bat literalki hartu behar bazen, zentzu metaforiko bat ere bazeukan zenbakia hautatu izana. Jakingo nuke nork erabaki zuen. Kritiko jar naiteke, eta agian jarriko naiz, baina uste dut 365 eguneko Erdaraldia egiten dugun garaiotan, egun batzuetako Euskaraldiarekin hasi behar dugula 365 horri egunak kentzen, egoerari buelta emango badiogu.

 

Hala ere, hamaika eguneko kontzientzia eta gogo hori, haietatik harago kutsatu behar da. Beroketa lanetan, pin banaketan, hasieraren hasieretan sartu garen egun hauetan, sentitzen dut ilusio hori nire inguruan. Institutura eraman genituen pinak bertan banatzeko, eta banaketaren aurreko egunetan batek baino gehiagok galdetu zidan noiz, nola eta non jaso behar zituzten. Baina beldurra ematen dit aurretik izan den espiritu hau hamaika egunetan zehar goitik behera joateko aukerak, hamaika egunetik aurrera egin behar genukeen honetan, jendeak itxaropen handiegia izan eta amaitzerako nazkatzeak. Hori, hein handi batean, ahobizi eta belarripresten arteko proportziorik ezak eragiten dit. Amets Artzallusek dioenez, Euskaraldiko egunik garrantzitsuena hamabigarrena izango da. Erabat ados.

 

Bukatzeko, ordea, hasi egin behar da. Eta gure inguruan badaude hasi nahi ez izanaren zenbait adibide. Urrutira joan gabe, geure eskoletan. D ereduko eskoletan, bai. Galdetu nahiko nuke D ereduan nork izan beharko lukeen eredu, baina badakit eredu hauetako asko gaizki suertatuak direla. Gehienak. Niri gertatutakoei buruz idatziko dut, baina ederki dakit horrelakoak hemendik kanpo ere izango direla.

 

Hori are argiago geratzen zait irakasle batek bere irakasgaiko ordu guztiak gazteleraz ematen dituenean, edota zertan ari den galdetu eta erabiltzen duen hizkuntza zein den inporta al zaidan erantzuten didanean. “Ez, mila esker, berdin didalako galdetu dizut.” Irakaslearekin aski ez, eta gehiago nazkatzen naiz ikasleek berari ere gazteleraz egiten diotenean, berak gela erdaldundu nahi eta inolako trabarik jarri gabe horretan uzten diotenean. Jakin nahiko nuke gazteleraz egiten duten ikasle hauek zein jarrera hartuko duten Euskaraldia hasitakoan, ahobizien pina soinean dutela. Ohiturak aldatu eta euskarara pasako balira, jakin nahiko nuke hamabigarren egunean zer gertatuko den. Jakin nahiko nuke pasilloetan gazteleraz egiten duen eta Euskaraldian parte hartu ez duen euskarako irakasle horrek zer egingo duen gainontzekoek txapa jantzi eta euskaraz egiten diotenean. Jakin nahiko nuke; baina agian gehiegi jakin nahiko nuke D ereduko eskola baterako, ezta?

 

Beste aldekoak ere badaude, gazteleraz euskara sustatzen duten horiek. Elkarren artean gazteleraz ari direla euskara bultzatzeko pausoak eman nahi dituzten horiek. Beste asko bezala, pasilloetan gazteleraz egiten dutenak. Baina hori bai, Euskaraldian ahobizi izango dira. Iruditzen zait garrantzitsuagoak direla -edo behintzat kalte gutxiago egiten digutela- benetako anti-euskara horiek gezurretako ahobizi eta belarriprest horiek baino.

 

D ereduan eredu nagusiak pasilloan gazteleraz egiten duten irakasleak bihurtzen direnean, benetako zalantzak sortzen zaizkit eskola horrek Euskaraldia baino lehen ez ote lukeen euskara bultzatu behar. Eta halako kasuetan, bultzatzea behartzea da.

 

Kezkagarriena hau guztia inguru teorian euskaldun batean gertatzea iruditzen zait. Zenbait lekutan irakasleek euskara indartzeko, sustatzeko eta babesteko egin behar duten lana zein den ikusita, hori guztia errazagoa den ingurune batean alderantzizkorako joera antzemateak beldurra ematen dit. Teorian guztiok gaude euskararen alde, baina egotetik egitera alde handia dago, eta egite hori ez da ariketa baten atarian eta barruan bakarrik egin behar. Atzo egin ez zuenak gaur egingo du agian, baina bihar atzokora itzuliko da.

 

Badakit idatzi ditudan kasuetako batzuekin identifikatuta sentitu daitezkeela irakasle batzuk. Ez dago haien izenik inon idatzita, baina inork nik esanak bere sentitzen baditu, testuan baino, akatsa eurengan egon daitekeela pentsatzen hastea komeniko litzaieke. Ez zait iruditzen eredu hori ematen duzuenek -bai, zuei ari natzaizue- Hitza irakurtzeko astirik hartuko duzuenik, baina kasualitatez hau irakurriko bazenute, egidazue klase-orduetan aurka lasai, ez naiz konturatuko eta. Aitor Sarriegiren bertso baten bukaera batekin amaitu nahi nuen, irakasle baten paperetik kantatua:

 

Eta nolakoa izango

da gure etorkizuna
haurrei eskatu ezkero

geuk egiten ez duguna?