Normaltasun berria

Erabiltzailearen aurpegia Aner Peritz 2020ko mai. 15a, 12:06

Niri gustatzen zait normaltasun berria.

Ez naiz oso pertsona konformista, eta inkonformista deitu izan didate. Informala ere bai, bakarren batek baita formidablea ere; ez naiz oso formalista, ez batere uniformista, informe mentalak egitea gustatzen zait, alfonbra gorri batean odol putzu bat disimulatu nahi nuke egunen batean (alfonbrista al naiz?), argazkiak ateratzen ditut for my Insta eta ez naiz nahi bezain amorfoa. Bada, jakingo duzuen bezala, ni bezalakook ez gara dagoenarekin oso ados egotekoak. Ez behintzat “dagoena dagoenean”. Gainera, inkonformista izateaz gain erreformista samarrak izanez gero, desadostasunezko egoera hori aldatu nahi izaten dugu. Halakoak gara gu.

 

Kontuak horrela, sarri aldaketak besterik gabe aldaketa direlako gustatzen zaizkigula dirudi. Ba ez, niri ere ez dit grazia izpirik egin bizitzaren forma aldaketa honek, COVID txit agurgarria (oxala azken hau egia balitz) ez da nire lagunik onena bilakatu. Gehiago esango dut: oraintxe bertan, aukeran, nahiago nuke lehengoan banengo. Aukerarik ez daukagu, ordea, eta aipatutako bi aukerak ere ez ziren inoizko erakargarrienak. 

 

Lehenago ere entzun/irakurri izango ninduzuen akaso (baita aspaldian abandonatuta eduki dudan txoko honetan ere) errealitate( h)aren parte zen honetaz edo horretaz kexaka. Halakoak gara, bai. Baina ez didazue esango ez zegoenik inkonformista izateko arrazoirik, horietako asko eta asko gure COVIDtxok agerian utzi dizkigunak. Ez naiz oso zerrenda zalea, batzuk aipatzean besteak ahazten zaizkidalako, eta ez dut iraganeko aldaketa posibleen zerrendarik egingo, baina pentsa ezazu zeuk aldatuko zenituzkeen hiru gauzarengan, ea:

1-

2-

3-

Uste dut ados nagoela.

 

Horregatik gustatzen zait normaltasun berriaren ideia, etorkizunera begirako beste aukera normaltasun zaharra bailitzateke, eta ez gara horren hain zaleak, ezta? Badakit normaltasun berri delakoa asmatu zuenak ez zuela ikuspuntu hau buruan izanda asmatuko segur aski, normaltasun zaharrari begirako berri bat sortzeaz ariko zela, eta hori ez dela oso berria, eta berri zaharrak, eta zaharrak berri, eta... baina nori axola zaio hori?

 

Ze esango dizuet ba, niri gustatzen zait normaltasun berria #kontzeptugisa. Errazena inertziaz jokatzea den garaian, akaso aprobetxatu beharko genuke aldaketa hasi dela, mugimendua geratu gabe aldatzeko norabidez. Anormaltasun berrirantz.