Erasmus+ proiektua Antoniano ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2018ko urr. 17a, 16:17
Antoniano ikastetxeko kideak Erasmus+ programan. (Antoniano ikastetxea)

Antoniano Ikastetxea Toledon izan da aste honetan, Erasmus+ programan parte hartzen duten ikastetxeen arteko jardunaldietan. Sepiek antolatutako bi egunetako jardunaldiek (EAEtik 20) proiektua ongi kudeatzeko nondik norakoak argitu eta beste ikastetxeekin praktika elkarbanatzeko balio izan dute.

Azken urteotan eleaniztasuna eta ikastetxeko nazioartekotasuna sustatu ondoren, Antoniano ikastetxean beste aurrerapausu bat eman nahi dute. Horretarako ikerketa egitasmo batean murgilduko dira, Holandako Leiden herriko Visser' t Hooft Lyceum eskolarekin elkarlanean. Proiektu honetan hurrengo bi urteetan hartuko dute parte DBH 4ko ikasleek.

Bat Bi Three: Researching European Linguistic Heritage: Basque and Dutch Bilingualism izeneko egitasmoak Europako bi errealitate elebidun ezberdin ikertzea du helburu, bien arteko ezaugarri komunak aztertuz eta diferentzietatik ere ikasiz. Ikasleek hizkuntzek Europako ondare kulturan duten garrantziari buruz hausnarketa egingo dute, eta euren konpetentzia linguistikoak zein komunikatiboak sendotu egingo dituzte.

Egitasmo honek Europako Komisioaren oniritzia merezi izan du, eta Erasmus+ diru laguntza eman diete. Gipuzkoan 4 ikastetxek soilik jaso dute laguntza hori aurten; horri esker, Holandako aipatutako ikastetxearekin elkarlanean jarduteko aukera izango dute gure ikasleek eta proiektuaren baitan, eskolen arteko elkartrukea ere egingo dute.

Dagoeneko hasi dira lanean hainbat ikasgaietako proiektuak lantzen eta ikasleek biziki erakutsi dute proiektuan parte hartzeko gogoa.