Antonianoko bost talde kalez kale ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2023ko ots. 2a, 09:00

Ageda bezpera gauean, otsailaren 4an, Euskal Herrian oles egiteko ohitura izan dugu. Oles egitea norbaiti dei edo erregu egitea da, ate joka laguntza eske ibiltzea. Ohitura honek oraindik bizirik dirau toki askotan.

Aurten ostiralera aurreratu dugu, hilaren 3ra, Santa Ageda bezpera eguna. Baina ohiturari eutsiz, ANTONIANO IKASTETXEKO ikasle, irakasle eta nahi duen oro kalez-kale ibiliko gara, herriko bost gune desberdin alaituz.

LAGUN HANDI LAGUN TXIKI proiektuaren baitako ekintza izan ohi dugu jarduera hau. Honenbestez, haur bakoitza bere laguna handiarekin irtengo da kalera eta azken honek izango du bere Lagun Txikia zaintzeko ardura. Zapi koloretsua, txapela eta makilak eskuetan, kopla batzuk abestuko ditugu trikitilarien laguntzarekin.

Ondorengoak izango ditugu bilgune, goizeko 11:30ak aldera:

Haur Hezkuntza 4, Lehen Hezkuntza 4 eta DBH1eko ikasleak Torre Luzean arituko dira; HH5 eta LH5eko neska-mutilak, Musika plazan; LH1, LH6 eta DBH4ko ikasle eta irakasleak, Udaletxeko plazan; LH2 eta DBH2ko taldea Udaberri/Laboral Kutxa parean; eta, LH3 eta DBH3ko ikastaldeak Paxo inguruan izango ditugu.

Guztiek ere, betiko koplak abesteaz gain, lagun handienek sortutakoak kantatuko dituzte. Beraz, adi inguruko dendari, tabernari eta bizilagunak… ea zer eskatzen dizueten.

Ea gure auzoa den herrigunea girotu eta herritarrak alaitzea lortzen dugun! Anima zaitezte gurekin kantuan aritzera, denok bat eginik askoz hobeto!

Ondoren, argazkiak edota bideotxoak ikusi nahi dituenak: www.antoniano.eus