Zarauzko Antoniano Ikastetxeak Erasmus akreditazioa lortu du

Erasmus akreditazioa Europar Komisioak egiten duen errekonozimendua da, eta aitortzaz haratago, laguntza bat ere bada. Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoan 16 eskolek lortu dute akreditazioa, eta horietako bat da Antoniano Ikastetxea.

Erasmus akreditazioaren bultzada honi esker ikastetxeak kalitate handiko nazioarteko mugikortasun-proiektuak gauzatzen jarrai dezake, eta erakundearen kalitatezko garapen profesionala bermatu hainbat arlotan. Hau  aurrera eramango da teknologia berrien eta irakaskuntza-metodo berritzaileen erabilera eta elkartrukea sustatuz, hizkuntzen ikaskuntza indartuz eta hezkuntza-lankidetzarako Europako sarea sortzen lagunduz. 

Europako aitorpen hau ikastetxean eleaniztasuna eta praktika berritzaileak sustatzeko egiten den eguneroko lanaren emaitza da. Eginkizun honen helburua da, batez ere, bertako ikasleek egungo munduan jarduteko beharrezko trebetasunak eskuratzea eta eskolako hezitzaileen etengabeko garapen profesionala bultzatzea.  Izan ere, besteen artean, eleaniztasuna eta kalitatezko irakaskuntza aktiboa lerro estrategikoak dira ikastetxean, eta hainbat bide jorratzen dira bertan erronka horiek lortzeko. 

Xede horiek aintzat hartuta, 2010-2011 ikasturtean, Europako beste ikastetxeekin elkarlanean jarduteak eskaintzen zituen aukera anitzei probetxu ateratzea erabaki zuten. Horrela, azken 12 urtetan eta gaur arte, Frantziako eta Herbehereetako beste ikastetxeekin nazioarteko proiektu komunak gauzatu dituzte. Aipagarrienak dira, 2017 urteaz geroztik, Leiden herriko Visser’ t Hooft Lyceum eskolarekin elkarlanean burututako eta Erasmus+ errekonozimendua jaso duten bi ikerketa egitasmo hauek: 

1.- "​Bat Bi Three: Researching European Linguistic Heritage: Basque and Dutch Bilingualism​" izeneko egitasmoak Europako bi errealitate elebidun hauek ikertzea du helburu; bien arteko ezaugarri komunak aztertuz eta ezberdintasunetatik ikasiz. Esan, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostia Research group on Education and Multilingualism( DREAM) taldearen kolaborazioa izan zutela proiektuan zehar.

2.- I.S.M.∞.Z.: "The sea as source of social, economic and cultural heritage in Holland and the Basque Country" izeneko egitasmoak itsasoa du ardatz; batetik, bi herrialdeen ondare aberats hori ikuspuntu giza-ekonomikotik aztertzean datza, eta bestetik, altxor natural honen biziraupenera bermatzeko zertan lagundu dezakegun aztertzea. 

Hain zuzen ere, azken proiektu hau garatzeko, Herbehereetako kideak Zarautzen izango dira egunotan (martxoaren 17tik 24ra) eta apirilean Holandara bidaiatuko dute zarauztarrek. Zarauzko udaletxean harrera egingo diete, eta  proiektuari lotuta, ikasle eta irakasleek elkarrekin hainbat jarduera burutuko dituzte. Bi herrialdeen arteko lotura honen bitartez, Europako ondare kulturalen garrantziari buruz arituko dira eta kolaborazio proiektuek eman dezaketen balio erantsiaren inguruko hausnarketa egingo dute.

Elkarkidetzan garatutako proiektu honetan ikasleek zeregin aktiboa eta parte-hartzailea dute, eta jasotzen duten ikaskuntza esanguratsua izan dadin lortu nahi da, noski. Baina, esperientzia pedagogiko hori ez da esparru akademikora mugatzen. Izan ere, kideen arteko elkarreraginak lotura pertsonala garatzean ere eragin nahi du, elkarren arteko harreman iraunkorrak bultzatuz.

Lore Garcia Antoniano Ikastetxeko Erasmus+ proiektuko arduradunaren hitz hauek ederki laburbiltzen dute: "Erasmus+ proiektuak sortutako lotura emozionalek hezkuntzaren mugak gainditzen dituzte. Proiektu honi esker, ikasleek adiskidetasun iraunkorra deskubritzen dute… gaur da eguna hasierako urte haietan ezagututako gaztetxo, familia eta hezitzaileek bisitatzen gaituztena, eskolan burutzen ditugun proiektuak ezagutzera,  garapen profesionalaren bila. Erasmus+ egitasmoari esker ehuntzen diren sareak amaigabeak dira, benetan dira plus!".