Zarauzko Antoniano Ikastetxeak 'Eskola Jasangarria' ziurtagiria lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2023ko mai. 20a, 16:30
Antoniano Ikastetxeko zuzendaritza eta EKOordezkariak (Antoniano Ikastetxea)

Aitortzaren helburua da Hezkuntza komunitatean Tokiko zein Planetako Ingurumenaren egoeraz sentsibilizazioa eta ezagutza lantzea. Hala, ikastetxeen kudeaketa jasangarria egiaztatzen du, baita hezkuntza komunitatea osatzen duten guztien konpromisoa ere.

Hamasei bat urtez lanean jardun du Antoniano Ikastetxeak; lehenik Eskola Agenda 21ean eta, ondoren, Eskola Agenda 2030ean. Luzea izan da bidea, baina aurreko ikasturtean ziurtagiri hau lortzeko erabakia hartu zuten. Horretarako, Eskola Jasangarriaren autoebaluazioaren 100 itemeko galdetegia aztertu ondoren, eskolaz kanpoko teknikarien auditoria-bisita gainditu behar izan dute.

Ziurtagiri honek Eskolako Agenda 2030 programan nabarmendutako esperientziak goraipatzen ditu. Ikastetxearen lana, prozedurak, esperientziak eta, azken finean, ikastetxearen hezkuntza, partaidetza eta jasangarritasun kalitatea aitortzen ditu.

Ziurtagiri hau lau urtez behin berritu behar izaten da eta Antoniano Ikastetxearentzat indarberritzea izan da, sari bat, egiten ari diren eta egiten jarraituko duten guztiaren errekonozimentua.

Eskola jasangarriaren agiria ekainean jasoko dute, Busturian, Eusko Jaurlaritzaren eskutik  jasangarritasunerantz egindako lan onagatik eta ahalegin hau hezkuntza komunitate guztiari eta ikastetxearen eguneroko bizitzara zabaltzeagatik. Meritu hau guztiena da, baina ez dituzte aipatu gabe utzi nahi azken bi urteotan lanean fin-fin aritu diren EKOordezkariak. Zorionak guztioi!