Munduan zehar bidaiatuz, Antoniano Ikastetxearen Proiektu Izarra ikasleek gozatuz ikasteko

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2024ko urt. 21a, 11:00
Munduan zehar bidatuz. (Antoniano ikastetxea)

Zarauzko Antoniano Ikastetxeak, aurten ere, Proiektu Izarra estreinatu du! Oraingoan, munduan zehar bidaiatzera doaz. Kontinentez kontinente joango dira eta lekuan lekuko hiztegi, abesti, ipuin, jolas eta abarrak ezagutu eta landuko dituzte.

Proiektu Izarra proiekturik kuttunenetakoa da Antoniano ikastetxean. Komunitate osoak hartzen du parte prestaketa prozesuan: etapa guztietako irakasleak, guraso boluntarioak eta zenbait irakasle ohi, denak biltzen dituzte.

Urtarrilaren 18an izan da aurtengo hasiera eguna: ikasleak eskolaratzean ezusteko galanta izan dute, ohiko espazioa guztiz eraldatuta aurkitu baitute kolpetik. Ohiko paisaia guztiz atonduta, misterioz eta ilusioz bete da Haur Hezkuntza.

HH3koak Asian izango ditugu, HH4koak Ipar edo Hego Ameriketan eta HH5ekoak Afrikan edo Ozeanian. Baina denek izango dute kontinente ezberdinetako proposamenak ezagutu eta gozatzeko aukera. Atal honetan, talde bakoitzak, lekuan lekuko proposamen didaktiko anitzak izango ditu. 

Inauterietan Lehen Hezkuntza ere bilduko zaie, proiektu izarraren inguruko mozorro eta maskarak eginez eta txikienen lanketara hurbilduz.

Inauterien ondorengo egunetan, talde bakoitzak landutako kontinentea aurkeztuko die besteei. Eta bukatzeko, mailaka erabakiko dute azken astean zehar nora bidaiatu nahi duten, zein leku nahi duten ezagutu sakonxeago.

Inork ikusteko interesa balu, Antoniano Ikastetxeko ateak irekiak dituzue; 943-83 02 86 zenbakira deitu eta gustura hartuko zaituztegu.