Beti poltsarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2020ko abu. 11a, 08:30

Noizean behin nostalgian murgildu eta umetatik hasten den argazki-bilduma behatzen dut. Haurtzaroan bertan poltsarekin dakusat neure burua; hiru urte ere ez ditut izango eta ia ni baino handiagoa da; halere, prestutasunez eta, esango nuke, estiloarekin helduta azaltzen naiz.

Ustez amari kendutakoa, baina bizi den zortea daukadanez, neurea eta neuk aukeratutakoa dela jakinarazi dit. Harrez geroztik poltsa neure gorputzeko beste atal bat izan da; ez dakit etxetik
poltsarik gabe ateratzen. Ezkerrean beti, trasteak ateratzeko orduan eskuinaz errazago maneiatzeko; sorbaldan, besoan edota eskuan.

Haurtzarokotik hasi eta neuk jositakora arte kolore, tamaina eta eite guztietakoak. Jositakoak bere ibilbidea du; izan ere, opor-bidaia batean emakume japoniarren marrazkia duen ehuna erosi nuen eta Maiteri txaketa eta Maitenari kimono motza egin nien; baita soinekoa neuretzat eta, azkenik, poltsa. Laukitxo txikitxo bat baino ez zitzaidan soberan geratu eta, azkena, maskara bat egiteko aprobetxatu dut. Askotan galdetu didate zer daramadan poltsa barruan; haurrei ere izugarri gustatzen zaie barrukoa miatu eta topatutakoarekin jostatzea. Barrukoa funtzionaltasunaren araberakoa izaten da. Kanpokoa, berriz, estetikaz ere anitz mintzo da; jabearen informazio handia atera daiteke poltsa bati begiratuta. Oraintxe hiru urte ez nitueneko poltsa haurtzaroaz hitz egiten ari zait.