Zarauzko Alkartetxean izan da Carlos Garaikoetxea

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2019ko abu. 19a, 12:39

Garaikoetxeak bazkalostean alderdiaren egoeraz adierazpenak egin zituen, han bildutako militanteei zuzenduak.

Atzokoan, urtero legez, Zarauzko Eusko Alkartasunak egiten duen bazkaria izan zen. Alkartetxea jendez lepo zegoen eta bertaratutako alderdikide eta adiskideek giro paregabean elkarren artean solasaldi interesgarri eta hunkigarriak izan zituzten. Haien artean Carlos Garaikoetxea eta Sagrario Mina izan ziren.

Bazkaria amaitu ondoren Lehendakariak Alderdiaren egoerari buruzko hitz batzuk zuzendu nahi izan zizkien ikusmin handia zuten militante eta jarraitzaileei.

Garaikoetxeak kongresu bat, bide-orri bat, norabidea aldatuko duen zuzendaritza berri bat eskatu zuen, “koalizioa izan behar zuenera itzultzeko”. “Koalizioaren beraren onurarako”, azpimarratu zuen.

Alderdiaren sortzaileak erantsi zuen zenbat eta zabalagoa izan eskaintza ideologikoa, orduan eta zabalagoa izan beharko lukeela eragin beharreko hauteskunde-espektroa, eta horretan zetzala 2011 urtean koalizio bat egiteko eraginkortasuna.

 

Lehendakariak alderdiak izan beharreko nortasuna azpimarratzerakoan, besteak beste, ahots propioa eta alderdi-autonomia izan behar zuela adierazi zuen, gero ozen esan ahal izateko “33 urteko egiaztagiri demokratiko, baketsu eta zintzoak dauzkagu eta espainiar estatuan ez dago alderdirik halakoak dituenik”. Eta argitu zuen hori posiblea zela “koalizioarekin bateragarria den nortasuna gordetzen bada”, honela herri honetan indarrak batu ahal izateko, “horren behar handia dago eta”.

 

Bestela nork ateratzen du etekina EH Bildu koalizioaren irudia Batasunarekin identifikatzen denean”, galdegin zuen segidan. “Alderdi autonomistek, jakina, gure eskuinerago daudenak, moderatuagotzat jotzen direnak.”, argitu zuen. Izan ere, EH Bilduren adierazpen bakar gisa Herri Batasunaren irudi historikoa eskaintzen denean, hau onartu ezin dutenek alderdi hauetan aterpea aurkitzen dutela erantsi zuen.

 

Amaitzeko Carlos Garaikoetxeak esan zuen erronka honen jakitun den zuzendaritza batekin aurrera egin behar zela, ausart, alderdia koalizio horren birpentsatzera eramateko gai den zuzendaritza batekin, eta hori “lehenbailehen”, egin behar zela nabarmendu zuen, “igarotzen den egun bakoitzak arazoa handitu egiten baitu” .