ORDENANTZA FISKALAK PANDEMIA GARAIAN

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2020ko urr. 14a, 12:49

Badirudi alkateari ez zaiola interesatzen Zarautzen dauden etxebizitza huts ugarien alokairua sustatzea; badaezpada, horrek oztopatu egiten dituen eraiki nahi diren lehen eskuko etxebizitzen salmentak.

Zarauzko Eusko Alkartasunaren batzordeak berriki onartuak izan diren ordenantza fiskalen balorazioa publiko bat egitea beharrekoa jo zuen asteartean egin zuen azken bileran. Ordenantza horiek aurreko osteguneko udal osoko bilkuran onartu ziren, baina EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernu-taldearen babesarekin soilik.

 

Ordenantza fiskalak udal diru-bilketa bideratzen duten tresna dira, eta udalaren aurrekontuak egiteko ordenantza horien bidez gauzatu daitezkeen diru-sarreren aurreikuspenean oinarritzen gara.

 

Aurten egoera berezi eta tamalgarri batean murgilduak bizi gara, Covid-19aren pandemiak gure eguneroko jarduera osoa baldintzatu eta baldintzatzen baitu. Bere ondorio kaltegarriak bai herritarren osasunean, nola Zarauzko ekonomian bistakoak dira. Horregatik, ezinbestekoa da udal-zergak oraindik pairatzen ari garen egoera zehatzera egokitzea.

 

Tokiko agintarien betebeharra da, jakina, zerbitzu publikoak bermatzea egun duten kalitateari eutsiz. Horretarako, funtsezkoak dira udalak dituen finantzaketa-iturri ezberdinei eustea. Horien artean, Foru Aldundiaren bidez jasotzen den foru funtsa da garrantzitsuenetako bat.

 

Baina azpimarratu behar da EAJk aurten bertan udal aurrekontuetarako funts hori murrizteko erabakia hartu zuela, Gipuzkoako foru funtsaren aurreikuspenaren % 20 murrizten zuten diru-sarreretan jaitsiera emango zela ikusita. Hori guztia, jakin arren murrizketa hori hiru urtetan banatzeko aukera zegoela, Gipuzkoako udalerrien ekonomiak itotzea saihesten zuen aukerari muzin eginez.

 

 

Testuinguru horretan, Udal Gobernuak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) gure herrian %0,9a igotzeko egiten zuen proposamenaren aurrean, Zarauzko EH Bilduk zerga hori izoztea proposatu zuen joan den udal osoko bilkuran, azken boladan, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, aurrera egiteko zailatasunak dituzten herritar askori eragiten baitie.

 

Era berean, gure koalizioaren ordezkariek OHZren errekargua etxebizitza hutsei %100etik %150era pasatzeko eskatu zuten, etxebizitza horiek alokairu moduan merkaturatzen laguntzen duen neurri eraginkorra baita.

 

Komeni da gogoratzea 2015eko hauteskunde-kanpainan Zarauzko EAJ eta PSE-EE etxebizitza hutsen errekarguaren aurka agertu zirela, eta hauteskundeak pasa eta gero, kendu egin zutela. Hala ere, urtebeteren buruan berriro ezarri zuten.

 

Hori baino lehen, EH Bilduk zuen Foru gobernua eta udalek horrelako errekargua egiteko aukera izan zezaten Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurrera atera behar zen foru arau hau onartzeko orduan, Sozialisten babesa jaso zuen. EAJk aurka bozkatu zuen, baina, bitxia bada ere, arau horrek indarrean jarraitzen du EAJk lurraldea gobernatzen duen une honetan.

 

Hala ere, argi dago neurri horrekin bakarrik nekez aktiba daitekeela Zarauzko alokairu-merkatua, eta, horrekin batera, ildo beretik zuzendutako ekintza-sorta bat martxan jarri behar dela. Gure koalizioak duela gutxi Gasteizko Parlamentuan alokairuen prezioa mugatzeko aurkeztu duen lege-proposamena beste neurri garrantzitsu bat da norabide horretan; Era berean, EAJrekin eta PSE-Eerekin maizterrei eta jabeei diru-laguntzak eman ahal izateko adostutako partida ekonomikoak izan behar zuten bezala, nahiz eta, zoritxarrez, Zarauzko Udaleko gobernu taldearekin 2018. eta 2019. urteetan lortutako akordio garrantzitsu horiek behin eta berriz eta sistematikoki ez zituen bete udal gobernu honek.

 

Badirudi alkateari ez zaiola interesatzen Zarautzen dauden etxebizitza huts ugarien alokairua sustatzea; badaezpada, horrek oztopatu egiten dituen eraiki nahi diren lehen eskuko etxebizitzen salmentak.

 

Ez dirudi politika logikoa denik etxebizitza berriak eraikitzeari lehentasuna ematea, eta ez gure herriko etxebizitza-parkearen ehuneko handi bat osatzen duten eta erabiltzen ez diren etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzeko premiari. Bestelako interesik ez badago, behintzat.