Kaleak autoz bete

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko api. 6a, 11:26

Azken egunetan Zarauzko kaleetan aldaketak izan dira. Manzisidor kaleari norabidea aldatu zaio eta honek sekulako kaosa sortu du inguruko kaleetan. Ikusi besterik ez daude atzo bertan, astearte eskola egun batean, Salegi, Gipuzkoa eta San Frantzisko kaleetan eragindako auto pilaketak. Aldaketa hauek kaltetuekin eta gainerako alderdi politikoekin kontsultatu gabe egin ditu EAJ-PSE udal gobernuak.

Atzo izandako Gobernantza batzordean EH Bilduk honen berri galdetu genuen eta baieztatu ziguten EZ zutela hitz egin Antoniano ikastetxearekin. Gainera ez digute aurretik inongo informaziorik eman, nahiz eta, Maite Garrastazu zinegotziaren esanetan, txosten bat badagoen -inork ezagutzen ez duen txostena-.

Aldaketa honek atzeranzko martxa eragin du Zarautzen. Dagoeneko oinezkoentzat edo bizikletentzat bideratuta zeuden espazioak berriro ere autoz bete ditu udal gobernuak. Antoniano ikastetxeko ikasleentzat sekulako arriskua suposatzen du, esaterako. Bai Gipuzkoa kaletik sartzen direnentzat, eta bai San Frantziskotik sartzen direnentzat ere.

Bihar, osteguna, Bizkaia kalea berriro ere autoentzako irekiko da. Berriro ere oinezko eta bizikletek berreskuratutako espazio bat galdu egingo da.

EH Bilduk aldaketa hauek bertan behera uzteko eskatu du eta, behingoagatik, inprobisazioak utzi eta mugikortasun plan integral bat osatzeko lanari ekiteko eskatzen dio udal gobernuari. Lan horretan, gu bidelagun izango gaituzte.