TAO sisteman proposatutako aldaketak atzerapausoa dira mugikortasunean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko mai. 13a, 12:57

Zarauzko Udal Gobernuak TAO sisteman proposatutako aldaketekin, alde onak izan arren, egin nahi den onura baino kalte gehiago sortzeko aukera dago, EH Bilduren iritziz. Atzerapauso nagusienak mugikortasunean atzeman ditugu, hau da, oinezko, bizikleta, garraio publiko eta autoen jerarkia horretan, autoaren erabilerari erraztasun handiagoak ematen zaizkio, gainerako aukeren kaltetan.

 

Proposamen berrian, EH Bilduk TAO sisteman egin zituen berrikuntzak mantendu egiten dira
orokorrean. Honek adierazten du egindako eraldaketa bide onetik zihoala. Gogorarazi nahi dugu,
TAO sistema ez zuten auzoetan jasaten zuten presioa konpontzeko, sistema herri osora zabaldu zela.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu aurreko legegintzaldian TAO sistema zarauztarrei begira jarri zela,
bertakoentzat aparkalekuak sortuz, merkatari eta ostalarientzat bono bereziak sortuz; herri gunetik
kanpo bizi diren zarauztarrei bineta lortzeko aukera zabaldu eta ibilgailu industrialek bere jarduera
egoki egin ahal izateko, bertakoen guneetan, lan orduetan, aparkatzeko baimena zabaldu genuen.
Neurri nagusi hauek guztiak mantendu egiten dira eta pozten gara.


Esan bezala, aldaketetan alde onak eta txarrak ikusi ditugu. Begi onez ikusten dugu, esaterako,
Zarautz inguruko herritarrek bineta eskuratzeko aukera izatea eta egoiliar guneen zaintza 24
ordutara zabaltzea.


Baina hutsuneak ere aurkitu dizkiogu aldaketa berriei. Bertakoen guneen zaintza urte osora
zabaltzea ez dugu beharrezko ikusten zenbait auzotan. Uste dugu beharrezkoa dela auzoz auzoko
azterketa bat. Honen harira, gogora ekarri nahi dugu Vista Alegren kontsulta bat egin zela
egoiliarren eremua urte osoan mantendu ala ez galdetuz, eta emaitza kontrakoa izan zen argi eta
garbi (alde 93, kontra 262, zuri 1).


Bestalde, egingo diren aldaketen ondorio ekonomikoak aurreikusiko dituen txosten ekonomikorik
ez dugu ikusterik izan (nahiz eta egina dagoela azpimarratu diguten guk behin eta berriro eskatu
dugunean).


Hasieran azaldu bezala, Zarauzko EH Bilduren iritziz, mugikortasunaren ikuspegitik atzerapauso
handia egingo da ordenantza berria onartzen bada.

  • Zarauztarrok eguerdian dugun etenaz gain (13:00etik 16:30era, hiru ordu eta erdi), beste ordubete kotxez libre mugitzeko aukera zabaltzen da.
  • Kanpotik Zarautzera lanera datozen langileei bineta lortzeko aukera emango zaie baina inongo baldintzarik jarri gabe.
  • Alde Zahar eta hondartza inguruan lau orduko muga ezabatu eta egun osora zabaltzen da aparkatzeko aukera.
  • Herri inguruan sortutako doaneko aparkaleku disuasorioak murriztu egiten dira.

 

Neurri horiek guztiak autoaren erabilera arduratsuaren kontrakoak dira, neurriz kanpoko auto
erabilera sustatzen baitute. Jerarkian autoaren gainetik aurkitzen diren mugitzeko aukerak
(oinezkoa, bizikleta eta garraio publikoa) baztertuz. Honez gain, Alde Zaharrean urte osoan eta
Hondartzako gunean uda garaian errotazioa sustatzen duten neurriak kendu egin dira eta egun
osorako aparkatzeko aukera eman. Hori bai, tiketaren prezioa igo egiten da. Horrek esan nahi du
ekonomikoki gehien dutenek egun osoz hondartzaren lehen lerroan edo herrian bertan aparkatzeko
aukera izango dutela.


Honenbestez, Udal Gobernuari eskatzen diogu Zarauzko mugikortasun plana behingoz martxan jar
dezala eta horren baitan lortutako adostasunen arabera ejekuta ditzala egin beharreko aldaketak. Lan
horretan, arduraz, bidelagun izango gaitu, berriro ere.