Herritarrei, oposizioari eta legeari entzungor eginez jarriko du martxan Udal gobernuak TAO sistema

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko eka. 15a, 10:24
Beste behin, oposizioko taldeok prentsa bidez jakin dugu Udal gobernuen asmoen berri.

Oraingoan, TAO sistema berria ekainaren 15ean jarriko dela martxan irakurri dugu, eta prozeduraren lege hauste honen aurrean, zenbait kontu azpimarratu nahi ditugu: Nola liteke aldaketa martxan jartzea, ordenantza fiskalak onartu aurretik? Ordenantzak eta Ordenantza Fiskalek hasierako onespena jaso dute, behin-behinekoa, baina ez behin betikoa. Horretarako, udalbatzarretik pasa eta aldeko bozka jaso behar dute.

Udal gobernua bete beharreko prozedurak nahieran ari da erabiltzen eta herritarren ordezkaritza osatzen duen udalbatzarra kontuan izan gabe, bere legea inposatu nahian dabil. Gaineratu behar da TAO sistema berria oraindik ere jendaurreko epean dagoela. Pasa den maiatzaren 13an argitaratu zen GAOn (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) eta ekainaren 17ra bitarte -hori barne- dago alegazioak aurkezteko epea zabalik. Dagoeneko zenbait alegazio aurkeztu dira eta gehiago aurkezteko aukera dute oraindik herritarrek. Zer egingo dute EAJ-PSEk alegazio horiekin? Zuzenean zaborretara bota? Hori al da herritarrentzat lan egitea?

Aldaketak iragarri zituzten egunean bezalaxe, eskaera berdina luzatzen diogu Udal gobernuari, hau da, TAO sisteman egin beharreko aldaketak egiteko uda pasa arte itxaron dezala, denboraz eta lasaiago, herritarrak erotu gabe eta prozedura guztiak legez betez. Beste behin ere, eskatzen diogu Zarauzko mugikortasun plana behingoz martxan jar dezala eta horren baitan lortutako adostasunen arabera ejekuta ditzala egin beharreko aldaketak.

TAO sisteman proposatutako aldaketak atzerapausoa dira mugikortasunean